>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TESTAMENTUA

TESTAMENTUA

(edo ortografia zertarako den).

                Agidanez, dama batek, ez jakinean edo gaiztoz, hiltzen zenerako, bere azken testamentua batere puntuazio-markarik gabe idatzita utzi omen zuen. Hona hemen testua: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot ez nire anaia Markoxi ez ez alajainkoa sastreari zorrak ordaindu inoiz ez ezta inola ere jesuitentzat guztia hala bete dadin hemen azpian dut sinatzen…».

Hil zen dama… Testamentua partitzeko ardura hartu zuen epaileak jabegai guztiak bildu (iloba Ane, anaia Markox, sastrea eta jesuita) eta, idazkia irakurri ondoren, kopia bana entregatu zien laurei, biharamunean, ahal izanenean, mataza askatzen lagundu ziezaiotela eskatuz… Hurrengo egunean, atzera berriz denak elkartu eta hona hemen zehazki bakoitzak ekarri zuen interpretazioa:

Iloba Anek: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot. Ez nire anaia Markoxi. Ez, ez alajainkoa, sastreari zorrak ordaindu! Inoiz ez, ezta inola ere, jesuitentzat. Guztia hala bete dadin, hemen azpian dut sinatzen…».

Anaia Markoxek: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot? Ez. Nire anaia Markoxi. Ez, ez alajainkoa, sastreari zorrak ordaindu! Inoiz ez, ezta inola ere, jesuitentzat. Guztia hala bete dadin, hemen azpian dut sinatzen…».

Sastreak: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot? Ez. Nire anaia Markoxi? Ez, ez alajainkoa! Sastreari zorrak, ordaindu. Inoiz ez, inola ere ez, jesuitentzat. Guztia hala bete dadin, hemen azpian dut sinatzen…».

Jesuitak: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot? Ez. Nire anaia Markoxi? Ez, ez alajainkoa! Sastreari zorrak ordaindu? Inoiz ez, ezta inola ere! Jesuitentzat guztia. Hala bete dadin, hemen azpian dut sinatzen…».

Azkenik, epaileak berak irakurri zuen berea: «Ondasunak nire iloba Aneri utziko dizkiot? Ez. Nire anaia Markoxi? Ez. Ez, alajainkoa, sastreari zorrak ordaindu! Inoiz ez, ezta inola ere, jesuitentzat. Guztia hala bete dadin, hemen azpian dut sinatzen…».

Hala, bada, dama hildakoaren ondasunen jabegaia argi berezi ezin eta garbi hautatu ezinean, honako azken erabakia eman zuen epaile zuhur bezain bizkorrak:

«… beraz, ondare honendako oinordekorik ezean, nik, epaile eskudun honek, gure Legeen izenean, guztiaren jabetza hartzen dut. Eta, beste zer esanik ez delarik hemen, bukatutzat ematen dut zuetako bakoitzaren demanda, eta amaitutzat testamentuaren auzia».

 

Jesus Mari Mendizabal Iraola «Bizargorri»

(Euskarara moldatua)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2013
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728