>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GEZURRETAKO EGIA

Begia bezalako egia, esaten dugu euskaldunok aurrean daukaguna (edota adierazten ari garena) bene-benetakoa dela esateko. Begia bezalako egia; hau da, ez dela gezurra, inondik inora. Baina egia, latza eta garratza dela ere esaten dugu, eta komeriak dira hemen…

Komeriak ez hemen bakarrik; baita Indian ere, agidanean. Han printze gazte baten historia kontatzen dute. Beste askotan bezala, bere zaldi zurian bazterrik bazter zebilela, herrixka batera iritsi behin eta damatxo baserritar polit batez maitemindu omen zen. Ez bat eta ez bi, jo du aitarengana bixkor eta egin dio, errespetuz, alabarekin ezkontzeko mandatu.

Aitak, ordea, hala esan zion:

̶  Ezin dizut gure alaba entregatu, zuk ez duzulako Egia ezagutzen. Zoaz bila eta, aurkitzen duzunean, zatoz atzera; eta, haren berri ematen badidazu, orduan geratuko naiz txit konforme.

Agudo prantatu zen printzea, dotore, egiaren bila mundura abiatzeko, txoria bezain arin. Ordeka, baso, erreka-zulo, hiri, basamortu…, non ez zuen mutil gazteak bilatu eta galdetu:

̶  Egia ikusi al duzue hemendik? Ezagutzen al duzue? Ba al dakizue nondik nora dabilen?

Ez alferrik. Toki guztietan Egia ez zela han bizi esaten zioten. Baietz, aspaldian ezagutu zutela. Halako hirian, halako okasioren batean, ikusia izan zela. Baita herriz herri bidez bide ere inoiz edo behin. Baina, sobra ere, apenas ilargi-aldi bat-edo eginik izango zuen ingurumari haietan. Laster joan omen zen handik. Nora? Auskalo; ez zekitela. Baina, antza, Egia esaten zioten hark beste non edo han behar zuela, handik aparte, oso urruti.

̶  Hemen –esaten zioten denek−, dagoeneko ez dugu ezagutzen.

Hala, egunak aste eta asteak hilabete, urteak igaro zituen printze hark han-hemen egiaren bila gogo biziz. Dena alferrik. Atzenean, behintzat, kontua da nekatu egin zela, nekatu eta gogogabetu. Ia erabateko etsia hartu zuenerako, ilea zilar kolore egina zeukan. Eta mendi goi batean eseri zen, kobazulo batetik gertu, bere neke guztien atsedenerako.

Hartan, hots bat aditu zuen, marmar bat, kobazulo barrutik ustez. Piztiaren bat izan zitekeelakoan, zutik jarri eta ezpatari heldu zion, zer gerta ere. Gero, ordea, zuloaren atariko argi-ilunetan, emakume xahar baten errainua begitandu zitzaion, errainu beltz, maskal, goibela.

Hurreratu zen leizera eta… hura kiratsa zeriona zulo hark! Kirats nazkantea, alajainkoa. Begiak behin barruko ilunetara egin zitzaizkionean, andre adintsu oso itsusi bat ikusi zuen lurrean makurtuta, tximaz eta zimurrez betea, pikortaz eta zauri zikinez josia.

Begi urdin-berdeak altxatu eta ea zertara zetorren galdetu zion atsoak.

̶  Egia nahi dut aurkitu –aitortu zion printzeak.

̶  Aurkitu duk ba, horra.

̶  Zu al zara Egia?

Eta:  ̶  Bai.

Harritu zen franko; besteak beste, aditua zeukalako gezurra ez omen dela zahartzen, baina bistako zegoen Egia baietz. Majo zahartuta zegoen, zahartuta zegoenez majo! Edozein moduz ere, aurkitze hutsarekin ez zeukan nahikoa noski eta:

̶  Nola jakin dezaket nik zu Egia zarena seguru-seguru? –galdetu zion hurrena.

Andre zaharrak hamaika froga argi eman zizkion zehatz eta mehatz; esate baterako, printzearen beraren adina, izena, azken ibilerak…, eta bai beste bost kontu gehiago ere.

Eta printzeak:

̶  Aizu, ni al naiz lehendabizikoa zu topatzen!?

̶  Bai, halaxe duk ba: hi haiz lehendabizikoa.

Hori entzunda, hitzik gabe eta harritu baten gisan geratu zen. Geroxeago:

̶  Pozik nago zu aurkituta, oso pozik. Izan ere, maite dudanarekin ezkon naiteke jada; itxoin baldin badit, behintzat… Zer esan behar diet hor beheko andre-gizonei zutaz?

̶  Ez iezaiek ezer esan.

̶  Nola? Ezer ez esateko!? Guzti-guztiek ezagutu nahi zaituzte eta! Neskaren aitak, gainera, kontuak eskatuko dizkit: zure berri eman beharrean nago derrigor. Zer esango diet?

Orduan, atso zatar zikinak esan zion printzeari:

̶  Joan eta esaiek Egia gaztea dela eta oso pollita.

Bizargorri, 2013-07-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031