>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KAIKUARENA

Juez jaun-andreen zuzentasuna, auzi-epaileen zintzotasuna, kili-kolo dabil egunotan, ahorik aho. Justizia bera bezain itsu ez ote dabiltza epaileak, noiz begiak nahita ixten dituztelako, noiz bista zapi batez atzetik tapatzen dietelako? Justiziak ba ote ditu berdintzen handi-ttipiak? Baten batek bota ere egin du, egundo ez dela gaur besteko alderdikeriarik ezagutu auzi-mahaietan… Antzina ere bazen, baina.

Hondarribian behin, aspaldi, jauntxo dirudun bat eta arrantzale pobre bat blagan bero ari zirela, hura koleratu eta eman dio honi sekulako belarrondokoa, plast!, masailean bost hatz marka zuri-gorri utziz. Alde-alde, arrantzaleak ere, nahi izanenean, erants ziezaiokeen pareko beste zaplaztekoa jauntxoari; baina nahiago izan zuen, gizalegez, justiziak egin zezan bere zuzenbidea. Salaketa ipini eta auzitara eraman zuen jaun zakarra.

Garai hartan, udaletxetan konpontzen ziren demandak eta gatazkak. Zintzoa, legekoa, alderdikeriarik gabekoa bide zen herriko epailea. Omen. Sala handian guziak bildurik, adia jarrita erne entzun zituen juezak bi auzilarien argudioak. Inor ez zegoen han kriskitinetarako, ez horixe, alajainkoa eta bi! Beraz, epaia ez zuen ahotik hortzera eman; astiro pentsatu eta gero, baizik.

«Errudun da belarrondokoa eman duena. Eta zigorra diot ezartzen, zehatz eta motz: eman diezaiola biktimari kaiku bat bete babarrun». Hori entzutean, hutsaren denboran, arrantzaleak, suak hartuta, epailearengana jo eta ematen dio sekulako belarrondokoa, plast!, masailean bost hatz marka zuri-gorri utziz, eta esanez: «To masailekoa! Baita beste honen babarrunak ere, kaikua halakoa, nire partetik».

Bizargorri, 2013-07-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2013
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031