Skip to content

DE PROFUNDIS

2013 octubre 16
por Jesus Mari Mendizabal

Oscar Wilde: «Idazteko, bi gauza besterik ez da behar: zer esana eduki eta esan egoki». Zer esana badut eta esan egingo dut, hortaz. «Nire gogoak aginduak dira niretzat». Hauxe ere Dublinen gaurko egunez 1854an aberats jaiotako idazle handi ironiatsu haren ateraldia da. Idatzi idatzi, Dorian Grayren erretratua nobela bakarraz gain, poemak, ipuinak, komediak idatzi zituen erruz, Ingalaterrako idazle ospetsuena bihurtuz; baina famatua ere da oso bere ateraldi bitxi xelebreengatik. Ateraldi batzuk oso kabalak («Ingelesek hiru gauza dituzte zinez garrantzizkoak: tea, whiskia eta ni; gertatzen dena da tea txinatarra dela, whiskia eskoziarra, eta ni neu, berriz, irlandarra»); beste batzuk, aldiz, balak («Bi emakume klase daude: itsusiak eta pintatzen direnak».

Oscar Wildek idatzi zuen De Profundis gutun luze mingotsa ere, bere maitale izandako Lord Alfred Douglas mutilari zuzendua, kartzelatik erresuminez, atsekabez; minez eta gabez. Parisen hil zen gero laster, 1900eko San Andres egunean, bakarrik, triste, miserian.

Eta nola «plazerak ez bezala, penak ez daraman maskararik», neuk ere, minez eta gabez, urteotan maitatu izan dudan irakurleari eskribitu nahi diot, de profundis, esanez eta aitortuz, Tolosako Karlosek baino ere irakurle segitzaile gutxiago dudanez (hark hamalau, dio; nik, ordea, atzamar bietako hatzez konta ditzaket), miserian bakarrik eta triste sentitzen naizela, Oscar gizajoa Frantzian bezala. Zergatik? Argi dago, bada: «norberari buruz jendea gaizki esaka aritzea ikaragarria da, baldinbaitere; baina inork inon inoiz ezer ere ez esatea okerragoa da askoz, alajainetan!». Wildek esana.

Bizargorri, 2013-10-16

  • luisita

    De profundis: sakonetik ateratzen den deiadarra. Erantzunik gabekoa baina esperantzaz beterikoa.
    (Ez gaude hezituak, Bizargorri, gure eritziak elkarbanatzen, elkarrizketatzen. Neri ezta, ez zait hori batere gustatzen. Ez dakit ‘hemengo’ kontua ez ote den.)