>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

TIPULAK ETA ZUHAITZAK

Gure probintziako edozein herritan, gau ilun. Negu ataria izaki, etxe-giro. Hirurogeitaka urteko senar-emazteak, egarria kamustuta, seme-alaba birekin sukaldean afalondoren, alegre antzean. (Lauren arteko hitz jarduna entzunenean, ixo beste burrundara oro: itzal irratia, emenda telebista… Orain, bai; orain, hobeto). Semeak aitari, ziplo:

—Aita, emakumeek zenbat titi mota dauzkate?

Aitak harritu samarrik:

—Hara, motel –erantzuten dio–, hiru titi mota zeudek. Hamabost urtetik hogeita hamarrera bitartekoak, sagarren edo udaren tankerakoak izan ohi dituk: ederrak eta lerdenak, ikusgarriak. Hogeita hamarretik berrogeita hamarrera bitartekoak, pikuen edo mangoen tankerakoak: politak, baina bera eta behera samarrak. Hirurogeikoak, berriz, tipulen tankerakoak…

—Zer, aita? Tipulen, esan duzu, tankerakoak!? –semeak.

—Bai –aitak-. Begiratzen diek eta negargura ematen ditek, horra.

Mahaiko gizaseme bien hauzia eta erauntsia entzunik, alabatxoari ere bere baitako barrunbeetan jakinmina ba sortu, eta:

—Ama –atera zitzaion duda–, zenbat pitilin mota dauzkate mutilek?

Ama, ustekabean harrapatua, harri eta belarri gelditu zen bat-batean. Baina, bere senarrari zehar begiratua egin gero eta:

—Laztana, esango dinat ba… –erantzun zuen amak–. Gizonezkoek hiru aro ditizten, edo hiru bizitza aldi. Hamabost urtetik hogeita hamarrera, zakila Iratiko haritzaren parekoa dun: trinkoa eta gora handikoa, beneragarria. Hogeita hamarretik berrogeita hamarrera, zakila sahatsa edo makala dun: malgua, baina balekoa. Behin hirurogei urtetik aurrera, berriz, zakilak Gabonetako zuhaitza zirudin, neska…

—Zer, ama? Gabonetako, esan duzu, zuhaitza dirudiela!? –alabak.

—Baldinbetan! –amak-. Hila zagon ipurditik hasi eta puntaraino. Koskabiloak, berriz, dekoratzeko beste ezertarako ez zeuzkan zintzilik. Eta hori besterik ez balitz, gaitzerdi. Zergatik urtean behin bakarrik plantatzen dun, urtean behin eta kito.

Eta une hartantxe entzun zitzaien etxeko aitona-amonei salatik kantari:

«Ez diamante, ez perla,

ez urregorririk;

alegrantzia baino

ez dago hoberik!».

Bizargorri, 2013-12-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2013
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031