>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DENDARI

Gaur 13ko 12aren 11a da, asteazkena. Atzekoz aurrera ikusita, 11-12-13, gaur-bihar-etzi. Eta etzi 13an, berriz, zer?, eta Santa Luzia eguna, jostunena omen duguna; jostunena edo… dendari deitu izan zitzaien garai bateko neska, dama edota gizaseme josleena. Hortaz, badut haria, haria badudanez franko.

Dendari hitza askotan ageri zaigu antzinako euskal kantetan. Hona hiru adibide: «Donostiako iru damatxo Errenterian dendari; josten ere…»; «Intxauspeko alaba dendaria, jostera joailia…»; «Dendaria berant jiten, arratsan goizik ützültzen…». Baina batzuetan zenbaitek ez du bide zuzena jo, itzulpen lanetan hasirik. Pio Barojak nobela batean: «Las tres damitas de San Sebastián que tienen una tienda en Rentería…»; Elkar-en disko batean: «La hija de Intxauspe hace llorando el camino a su tienda…»; Riezu-k bere bilduman: «La costurera llega tarde y, por la tarde, vuelve temprano». Azken hau dago xuxen. Izan ere, sutik kea ateratzen den antzera ateratzen da dendatik dendari berez: denda?; tienda, beraz. Hiztegi finek, ordea, oso argi daukate: dendari hitzak euskaraz bi adiera ditu: dendari, jostun edo josle (sastre, costurera-o) eta dendari, saltzaile edo dendadun (tendero). Segun kasua. Noiz nola den. Hor ez bide da dudarik.

Duda gehiago dago, agidanean, dendari edo jostunen fama nolabait gaixtoan; kopla zaharretan, behinik behin. Begira, bestela: «… josten ere badakite, baina ardoa edaten hobeki»; «Dendaria berant jiten, arratsan goizik ützültzen, ezpeitü jaten diana irabazten»; «Gure Maria dendari gaixto: haren atorrak zulo asko». Famak fama, koplak kopla, musu bana hemendik dendari orori. Dendari jostunei.

(Eskerrik asko zuri, Joxepa SETIEN, bizipoz handiko dama irundar ikasia, honetan ere eman didazun laguntzagatik. Eskerrak zuri…).

Bizargorri, (13-12-11)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2013
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031