>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MUNDUA KONPONTZEN

Zientzialari batek, munduaren atarramendu txarrarekin kezkaz beterik, zerbait egin beharra zegoela agindu zion bere buruari; zertxobait, pittin bat bederen, arazoak konpontze aldera. Eta bere laborategian orduak eta orduak igarotzen zituen konponbideren baten bila-bilaka.

Egunetako batean, behin, zazpi urteko bere semea sartu zitzaion iker-gelara, lanean laguntzeko prest. Ez zion graziarik egin umeak jarduna etetea, eta jolas egitera alde egiteko, faborez, beste bazterren batera handik, egin zion erregu. Ez alferrik: umeak ez zuela alde egingo. Aita, orduan, pentsatzen jarri zen umemoko hari nola demontre jolas-eragingo ote zion bake-bakean. Eta hara, derrepente, non bistaratzen duen aldizkari batean mundu osoko mapa bat. Horratx, horixe behar berak.

Guraize batzuk hartu, mapa puska txikitan moztu eta, roilo bat zinta gardenarekin batera, semeari emanik: «Puzzleak gustukoak dituanez hik –esan zion–, hemen duk mundua txiki-txiki eginda, inortxoren laguntzarik gabe heuk konpon dezaan».

Aitaren irudikoz, mutikoak hamar bat egun ere behar izango zituen noski mapa konpontzen; baina, bai zera. Handik ordu asko baino lehen, bere umea somatu zuen lasai asko hoska:

—Aita, aita! Kito: bukatu dut dena.

Aitak nola sinistuko zion, bada!? Ume mukizu hark nola arraio birmoldatuko zuen, bada, sekula lehenago ikusi gabeko mapa bat? Ezinezkoa zen! Sinesgaitz, beraz, altxatu zituen begiak mahaiko lan-orrietatik, umegorri baten lan lardaxkaren bat ikusiko zuelakoan. Bere harridurarako, ordea, osorik zegoen mapa; osorik eta zuzen. Puska guzti-guztiak bakoitza bere tokian zeuden, arraiopola. Nola zitekeen, baina, hori!? Nola asmatu ote zuen mutikoak? Galdegin ere, halaxe galdegin zion aitak semeari, harri eta zur:

—Hik ez hekien-eta mundua nolakoa zen, seme; nola kristo lortu duk?

—Aita –erantzun zuen mutil koxkorrak–, nik ez nekien mundua nolakoa zen. Baina, aldizkaritik mapa atera duzunean, orriaren atzeko aldean, gizon baten irudia ikusi dut. Beraz, mapen puskei buelta eman eta gizona berrosatzeari ekin diot, gizona banekielako nolakoa zen. Gizona konpontzea lortu dudanean, orriari buelta eman, eta konturatu naiz mundua konpondu dudala.

* * * * * *

(Gabriel García Márquez omen da  ipuin labur honen autorea. Omen. Bai ote? Ez dakit, bada… Dakidana da, baldinbetan!, ipuin labur honen itzultzailea, gaztelaniatik euskarara bueltan, ni neu izan naizela. Itzulgaia konpontzea lortu dudanean, hizkuntzari buelta eman berriro, eta konturatu naiz ipuina konpondu egin dudala).

Bizargorri, 2013-12-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2013
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031