>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NOR NAGUSI!?

Aspaldi-aspaldi hartan, Jesus Belenen jaio baino askoz ere lehenago, andrea eta gizona sortuak izan zirenean, une batean, gorputzaren atalak eta soineko organoak eztabaidan hasi ziren lehiatuki bata bestearekin, grinaz, ea nork jarri behar ote zuen guztien nagusi; zertarako?, eta gorputzaren burubidea zuzen eta egoki egiteko.

Garunak garbi adierazi zuen: «Hemen inor nagusi izatekotan, ni; neuk agintzen baitut zuen guztion funtzionamenduan; nire azpiko zaituztet». Bihotza ere ez zegoen isilik egoteko, eta: «Nik beharko nuke nagusi izan, neuk daramadalako odola noranahi, gorputz osoak funtziona dezan». Begiek ere bazuten argudio aski: «Inor izanenean, gu nagusi. Gorputzak ez daki-eta nora jo, guk gidatu gabe». «Gidatu, gidatu… –erantzun zien begiei hankek–. Gidatzeak balio du bost, baldin gorputza eramaten ez badugu guk gainean hartuta! Gu, hortaz, nagusi; zer arraio, gero!». Urdailak ere hitz egin zuen: «Ni izango nauzue nagusi, nik elikatzen zaituztet zuek guztiak eta».

Hala, banan-banan, bero-bero, jardun izan zuten luzaz organoek eta atalek. Han, zirt edo zart, beharko hautsi-urratuak nolabait egin. Halako batean, kaka, denen erdian sartuta, uste sendoz mintzatu zitzaien: «Utik denak. Har nazazue ni nagusi». Esan bazuen, esan zuen: hango barre-algarak, hango irri-oihuak, lehertu beharrean burlaz… Sudurrak bota zuen: «Bai, hi nagusi egingo haugu oiloak pixa egiten duenean!» Eta larru-azalak: «Bai, infernuan elurra egiten duen egunean!». Eta birikak: «Bai, haizerik ibiliko ez den urtean…!». Ez zion-eta gutxi erasan lagunen burla-haizeak, orduan kakak larderiaz ebaki zuen berbaldia: «Hemen ni nagusi edo, bestela, zeuek ikusi…». Eta bost egun egon zen, bost egun oso egon zen, irten nahi ezta.

Gorputza eztanda egiteko zorigaiztoan jarri zen, urdaila zart eta plast egiteko puntuan; begiak laino lauso ipini ziren, hankak ikaran dardariko; bihotza, berriz, ia hilean… Eta estualdi larri halakoan, denek bat egin eta oihukatu zuten: «Biba kaka! Izan dadila kaka guztion nagusi!!!». Eta, harrezkeroztik, edozein kaka izan daiteke andre eta gizonen nagusi.

Bizargorri, 2013-12-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2013
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031