>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

DON ANTONIO

Alkatea besteekin omen dela alkate esan ohi zuten gure zaharrek, eta ez da gezurra noski. Ez dugu gaur goizeko zuhur-hitza ere, «mendiak mendiaren beharrik ez omen duela, andre-gizonak bai, ordea, andre-gizonaren». Eta dakart hizpidera kontu hau, idazleok, zutabegileok, blogariok maiz-maiz ateratzen garelako plazara (ni neu, behintzat, bai) lagunek eskainitako ideiekin, pasadizoekin, historiekin, geure-geureak balira bezala. Norbera antzu-antza dagoenean, estimatzen dira inoren laguntzak. Den tokitik zabaltzen da, izan ere. Eta, gainera, hartzen duena zorduntzen denez, zorretan nabil aspaldian zenbaitekin. Aitortzen dut.

Horietako laguntzaile fin dut, esaterako, Josefa Setien, andre perkax begi-xorrotx ikasia, dama irundar aspaldixko Hondarribiaratua. Bihoakio hemendixe nire esker oneko aitormenik zinena. Ez dut, halere, berri-ekarle bakarra. Gaurko gertaera hau, adibidez, Joxe Mari Artolain beasaindarrak bidali zidan duela urte asko, bere amari entzundakoa omen dena. Etzi bertan dugunez San Anton eguna, primeran datorkit. Umorezko pasartea duzu, antigualekoa, polita benetan. Artolainek berak niri eman bezalaxe entregatzen dizut zuri. Ondo pasa.

«FEDE GUTXIKO APAIZA. Urtarrilean izaten da San Anton eguna. Garai batean apaizari baserrira etortzeko esaten zitzaion egun horretan, bertako soroak, baratzak edo ikuiluak bedeinkatzeko, zomorro edo gaitzik izan ez zedin. Halaxe egin omen zuten Goierri aldeko herri bateko baserri batean.

—Don Antonio, etorriko al da bihar gure etxera kojuruak partitzera?

—Azalduko naiz, bai, hamaikak aldera.

Agindu bezala azaldu da apaiz hori. Oso gizon mardula izan behar zuen. Ehun bat kilo eta gehiago ere izango zen. Ibili zen baratzean aurrena, soro batean hurrena, isipua eskuan zuela bazter guztiak zipriztinduz. Halako batean, lana bukatutzat eman zuela ikusita, etxeko nagusiak zer edo zer esan behar, eta halaxe esan zion apaizari:

—Ze, Don Antonio, akabatuko ote dira bitxoak!?

Eta honek, hitzetik hortzera:

—Nik hankapean harrapatzen ditudanak bai!!».

Bizargorri, 2014-01-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031