>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HISTORIA

Erregea, korteko gorabehera larrietatik ihesi, bere azken maitale kuttunarekin urrutiko oihan ezkutuan, aisian eta ehizean, zotzari ziria sartzen ari zela gertatu zen guztia. Aurretik ere sortuak ziren, bai, istiluak, ika-mikak, grebak eta sesio abarrak han-hemenka; jende arrunta haserre baitzebilen oso, haserre zebilenez jendea. Ezin eraman zuen gehiago korteko jauntxo-damatxoen oparotasun harroa, lanik eza eta soldata eskasa eta lege-zigorra urtetik urtera lotsa gabe areagotzen ari zen bitartean nabarmenki.

Jendea biltzen hasi zen herrietako kaleetan, pilatzen hirietako plazetan… Geroz eta gehiago. Eta behin, Errege eta Jauntxoen Jauregi Nagusiaren aurrera berrehun mila lagun (haur, andre, gizon) oihu isilean, su baketsuan, beren eskubideen eskean, pila-pilaturik zeudela, goiko txororen bati otu zitzaion senper erakutsi eta eskarmentuzko pasara eman beharra zegoela han. Eta, gerra-soinuko adarrak joka, polizia armatua atera zuen, tiroka hasteko aginduarekin, hil eta herio, kiski eta kaska… Herri guztia soildu zuen: mila hildako, bost bat mila zauritu.

Historia da hori. 1905ean, gaur bezalako egun batean gertatu zen San Petersburgon, Hermitage museo garai hartan Tsarraren egoitza zenaren aurrean. Igande Odoltsua deitu izan zaio gerora egun hari, Errusiako Guardia Inperialak manifestari baketsuei sarraskia eragin zieneko ilbeltzeko egun beltzago hari. Eta esan izan ohi da historia errepikatu egiten dela. Gogo-gogoan ditut azken boladako jendetza pilak: Bilbo, Gamonal, Madril, Bartzelona, Granada, Zaragoza… Jendea haserre da, bil-bil, pil-pil; eta goian bada txororik franko. Franko txoro badenez.

Bizargorri, 2014-01-22

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031