Diario Vasco

img
HESOLAREN PUNTAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 12-03-2014 | 09:33

Hemen omen dira aurki Europarako hauteskundeak. Jendeok izango dugu botoa emateko aukera, eta politikariek potoa betetzeko maukera (mauka, pagotxa). Hauteskunderik batere ez zen garaietan, gure aita zenak askotan aipatzen zigun “belea egondako hesolaren punta”. Adierazi nahi izaten zigun, zuzen gogoratu uste dudanez, hesolaren puntan egundo ez dela ezeren arrastorik geratzen, dena ziplo jaten edo berarekin eramaten duelako noski beleak. Adibidez: «Belea egondako hesolaren punta baino garbiago utzi dek platera!».

Zer arraio ari zaigu txoriburu hau (eginik izango duzu dagoeneko zure baitan) hauteskundeetatik hesolaren puntara saltoka? Zer ikusteko ote dute botoek eta beleek? Arrazoi duzu. Baina, hala ere, utzidazu ipuin bat kontatzen aurrena eta ikusiko duzu.

Donostiko parke batean lehengoan gazte bat, hara eta hona ibili ondoren, nekatu da eta eseri da aulki batean. Alboan tokatu zaio gizaseme larri bat, urtetsua alegia, hura ere patxadan jarria. Denbora asko baino lehen, batek hitza eman eta besteak hizpidea hartu, hasi dira biak ala biak, hau eta hori eta hura, hitzetan beren iritziak husten. Eta azkenean, nola ez ba?, hartu dituzte solasgai zinegotziak, epaileak, gobernariak, diputatuak eta herri-agintariak oro… Halako batean, aitonak gazteari: «Ba al zenekien? Hesolaren puntako dortoka hura bezalakoxeak dira politikariak…».

Gaztea jo eta poto gelditu zen, momentuz tutik ere entenditu gabe. Ea zer esan nahi zuen horrekin, galdetu zion interesatuta. Eta aitonak orduan: «Mendian nahiz kalean paseoan zabiltzala nonahi (zer esanik ez gure probintzian), hesola baten puntaren puntan dortoka bat ikusiko bazenu titereak egiten, zer pentsatuko zenuke?».

Gaztearen aurpegian harridura zabal-zabal ikusita, aurrera jarraitu zuen zaharrak bere diskurtsoan: «Bada, hara: lehendabizi, ez zenuke asmatuko inola, dortoka hura nolatan ailegatu ote zen punta hartara; bigarren, hura han mantentzen zela sineste hutsak lanak emango lizkizuke; hirugarren, hura hara goraino bera bakar-bakarrik igo zela, ez litzaizuke burutik pasatu ere egingo; laugarren, segurutzat joko zenuke, hark ez lukeela han egon behar; bosgarren, segurutzat joko zenuke, hark, han egon bitartean, ez lukeela ezer onuragarririk, probetxuzkorik egingo… Zer egin, hortaz!? Bada, gazte, zentzuzkoena hesolaren puntatik dortokari jaisten, lurrera etortzen, laguntzea izango litzateke. Baldinbaitere, ala…?».

Eta honela bukatzen da ipuina: datozen hauteskundeetan, ea hesolaren puntan titereak egiten dauden animalia seko inutil horiek (batzuren batzuk, bederen) jaisten ditugun lurrera. Bestela, denbora joanean, belearen hesolaren puntan geratu zena baino gutxiago utziko dute guretzat.

Bizargorri, 2014-03-12

Categorías

Otros Blogs de Autor