Diario Vasco

img
BOTO-JOKOAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 19-03-2014 | 08:46

Gogoangarria da zinez Romanones-eko kondeak behin egin omen zuena. Zer izan zen, eta zer ez, hemen ezer ere ez. Behin egindako hura gogoratzeko, salto egin beharra dugu zuk eta biok Nafarroatik Guadalajara. Goazen eta nik kontatuko dizut anekdota poxpolina.

Kondearen ama sekulako lurren jabe omen zen Guadalajarako probintzian. Hara sarri joan zale zen, nonbait, Romanones jauntxoa botoen bila. Huraxe baitzuen bere feudoa; ez alferrik zeuden nekazari txiroak, eta bestelako jendea ere, haren mendean eta esanean. Bere herren handi eta guzti, agertzen zitzaien aldiro, ardi zaharrak bezala inguratzen zitzaizkion, otzan-otzan; eta kondeak bina pezeta ematen zien banan-banan denei. Jakina: hartzen duena zorduntzen da; eta ematen duenak, berriz, ordaina nahi izaten du. Botoa zen, noski, zorra; botoa zen, baldinbaitere, ordaina. Eta horrela, 1891tik 1923ra bitarte guztian, hogeita hamabi urtean!, mantendu zen diputatu Madrilen, Alderdi Liberaletik. Erraz esaten da. Espainiako Handiki ere izendatu zuten. Porru-jorra ederrak atera zituen titulikatu halakoak bina pezetako botoez!

Garai hartantxe, politikan muturra sartu nahian zebilen Antoni Maura y Montaner ere, Palmako semea bera eta hiztun jori trebea. Laineza hartuta, Guadalajara azaldu zen hura ere boto bila, hauteskunde aldi batean. Berehala adierazi zioten han Romanonesek sare zabal estua zeukala botea, eta lan gaitzak izango zituela noski harena urratzen; adierazi zioten ere jaun kondeak ustezko hautesle bakoitzari bi pezeta ematen zizkiola boto truk.

—A bai!? –esan zuen orduan Maura jaunak–. Hark bi pezeta ematen baditu, nik hiru emango ditut ba!

Eta esan eta egin… Handik egun asko baino lehen, hara non agertzen den Guadalajarara jaun kondea bera; boto bila hura ere; zertara bestela!? Eta lagun-zaharren batzuek esanik izango zioten han ez zegoela aurreko urteetako konturik eta lanak izango zituela botoak biltzen, Manuel Maurak aurrea hartu ziolako eta herriz herri hiruna pezeta partitzen ibilia zelako; hiruna pezeta, alajaina!

Uste al duzu estutu zela Romanones? Malmetitu zela? Pipertu zela…? Ezta gutxiagorik ere. Jakin zuen egun batzuk lehenago nondik nora ibilia zen diputatu-aulkia ohostu nahi ziona. Hiru pezeta jaso zituen bakoitzarengana joan eta esan zion:

—Emaizkidazu hiru pezetak, eta tori ogerlekoa (duroa).

Berriro ere diputatu atera zen, boto mordoa aldeko. Hautesleek, mauka: botoko bost pezeta! Eta kondearentzat, berriz, pagotxa: betiko bi pezetekin, Maurak baino gutxiago jarrita, irabazi…! Zer iruditzen zaizu? Lehen ere bazirela bizkorrak politikan, zera…! Eta orain ni hemen geldituko naiz… Zuk, nahi baduzu, salto egin dezakezu atzera Guadalajaratik Nafarroara. Zeuk ikusi, zeuk konparatu. Konpara, orain ehun urteko boto “jokoak” (Romanones, Maura), gaur egungoekin (Barcina, Jimenez)…

Bizargorri, 2014-03-19

Categorías