Diario Vasco

img
NOTIZIA MIN BIZI
img
Jesus Mari Mendizabal | 15-04-2014 | 11:01

Notiziak garai batean izango ziren berri; orain, dagoeneko, zaharrak ez ezik ia beti, txarrak dira aldiro. Baita gogaikarriak ere sarri, kalaka eta talaka. Bonba-eraso moduan ez bada, ziri eta mailu erasaten digute segundoz segundo irrati-kazeta-telebistek, belarri-barruak mintzeraino, geure bizia bera atzentzeraino. I. Azkuna eta A. Suarez jaun txit prestuen hileta-funtzioak; Realak lau eta hiru galdu zuen atzo; presoen eta biktimen eskubideak; zakur batek Kontxan inori hozka egin diona; ezkerra eskuinarekin konpondu ezin omen dena; bihar ere euria eta kazkabarra egingo omen duena; Barça, Barcenas, Barcina… Aspertuta, aseta gaude notiziez, okituta ustezko berriez, kokoteraino deabruzko txorimaloez!

Egunkaria hartu edo telebistan sartu edo irratira ausartu, beti edo gehienean, betikoa: Putin eta Tejero, lapurreta eta gezurra, piper-potea eta polizia, sukaldaria eta berriketa, olatua eta kazkabarra… Nahaspila, larrimina eta iluna besterik ez da ageri. Tristura ari du, gatazka ari du, ergeletik ari du, Aizkorrin euria, elurra eta bisutsa baino gehiago. Ondorio zuzen ezinbestekoan, hortaz, gutako asko, etsimendu beltzak jota, triste bizi gara, larri, astun. Badakigu negar ibarra dela gure hau, baina hainbesterainokoa ere, bada! Errotan irinik ez lotzea gaitz den era berean, gaitz da negarra saihestea erabat. Baina, arraienea!, eguna joan eta gaua etorri, malkoen kontadurian ibili beharra ere, ume gorri abandonatuak bagina bezala!

Ez gaude ume gorriak. Heldutasuna omen da, inola aldatu ezin denarekin, bakean bizitzen asmatzeko artea, abilidadea, tajua. Bazekiten gure aitona-amonek ere: «Aski dakik-n, bizitzen badakik-n». Izan ere, notizia batetik gehi notizia bestetik, atzenerako norbera nor den ere atzentzen zaigu; ahanzten zaigu gutako norbera garela, inguru hurbilenarekin, bizi dena. Hau eta hori eta hura entzunaren entzunez, mudatu egiten gaituzte zentzunez. Batzuren batzuk, beren ia bizialdi guztian ez dira janzten, ez dira ohartzen, ez dira jabetzen, etxe barreneko epela utzita, atari hotzean bizi direla, aurretik nor-nolako-nola pasako, atariko haizearekin batera. Kanpora begira gauden bitartean, ihesi doakigu aldian aldiko bizia, segundoz segundo.

Munduak hor segituko du jira-biraka; eta guk berarekin, ezinbestean. Baina, bietako bat: hari begira gaude egonean edo geure baitan bizi gara aktibo. Bi erbiren atzetik dabilen zakurrak biak galtzen ditu. Hor zagok-n ba! Notizien akabera gabeko zaparradek, zizta-zizta, bizia mintzen digute. Eta geu gara inportanteenak. Eta nork bere bizia du, baldinbaitere, maiteena lehendabizi. Lehen-da-bizi! Hala ere, bizia joan doakigu notizien erreka zabalean, itoka… Pablo Nerudak esango lukeen moduan: «bizitzaz nintzen enamoratu, bera baita, bai horratik!, ni utziko ez nauen bakarra, nik bera utzi aurretik». Beraz bada, notiziak haribira, goazen bizira! Egunak joan eta gauak etorri, jai onak eta lo onak izan ditzagula.

Bizargorri, 2014-03-26

  • luisita

    Bai Jauna! Bizi dezagun pozik gure egunerokoa. Bizi gaiten alegera bizirik gaudelako. Berriak, maizegi dira zaharrak, aspergarriak eta txarrak. Halere ingurutik isolatuak bizitzea ez da ona gizakiarentzat eta berriak, dosifikatuak eta neurri batean, hartu eta geureganatu beharko genituzke.

Categorías