Diario Vasco

img
KOSMOPOLITAK
img
Jesus Mari Mendizabal | 15-04-2014 | 11:01

Indigenok (bertakok, lurralde honetakok) zenbat aldiz ez ote gaituzte gutxietsi eta gaitzetsi, isekatu eta umildu kosmopolitek, ustezko jakintsu moderno demokratek!? Batzuetan badirudi eraman nahi gaituztela errukarriok tipili-tapala, sokatik lotua den zakurra bezala. Izan ere, asmo politak bai, baina gurea oro bide da motza, itxia, arlotea, aldeanoa. Guk ez dakigu ezer, tuntunok; oker goaz beti, egoskor. Berak, aldiz, argiaren eta egiaren jabe daude; munduko hiritar dira. Kosmopolitak dira. R.A.E.-ek: «Cosmopolita, dicho de una persona que considera todos los lugares del mundo como patria suya». Euskaltzaindiaren Hiztegiak: «Kosmopolita, beste herrietako ohituretara erraz egokitzen dena». Zein diferenteak garen espainolak eta euskaldunok, baita hiztegietan ere! Nor gara, bakoitza berean.

Indigenak beltzak eta motzak zireneko herri edo tribu batean gertatu zen, agidanez, ondoren datorrena. Munduan beste toki askotan bezalatsu, hantxe ere batzuren batzuk kosmopolitak ziren, munduko hiritarrak. Ez bertakoak, noski; baizik kanpotik turista edo dena delako bisitari gisa etorriak, sonbreroa buruan eta patrikara hutsa. Hasieran musu-merke, gero musu-gora, egunak joan eta urteak etorri, azkenerako jaun eta jabe jarri ziren bertan. Hizkuntza bakarra zekiten, berena; eta ez zuten bertako indigenena ikasten hasteko ere premiarik ikusten; ezta kortesiaz edo edukazioz edo lotsa onez ere. Mingaina leuna zeukaten kosmopolitek, berba-lapiko galantak ziren…, baina beti ere berean!

Halako batean behin, jaun jakintsu zuriak, tribu antigoaleko hari lezioa eman behar omen ziola-eta, bertako gizaseme eta andrazko, zahar eta gazte guztiak bildu zituen bere aurrera. Bera trono altuan zela, belauniko jarrarazi zituen indigena ezjakinak. Eta hala esan zien: «Zeuen zilborrari begira bizi zarete, beste inora begirik gabe. Ez ni bezala: ni bezalako kosmopolita izatea beste kulturetara irekia egotea da! Aizak hi, M’Okolo, itzul ezak zuen hizkuntzara esan dudana…». Indigenak orduan: «Ez da beharrezkoa, jauna. Guztiok elebidunak gara hemen». Eta aho bete hortzekin utzirik izango zuen jaun jakintsu kosmopolita. Ez, ordea horratik, aho hutsik; han jarraitu baitzuen hitz eta pitz makal harroak. Hori bai, beti ere berean!

Bizargorri, 2014-04-02

  • luisita

    ‘Allá donde fueres haz lo que vieres’. Asko gustatu zait Euskaltzaindiak ematen duen ‘kosmopolitaren’ definizioa, ados nago. Aldiz, triste, pobre, nahiko alderdikoia R.A.E.ek ematen duena.

Categorías

Otros Blogs de Autor