>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ALEGIA

Zientzialari talde batek behin bost tximu ipurloka ipini zituen kaiola handi batean; kaiola barruan, eskailera bat; eskailera goienean, berriz, banana mordoa. Tximuetakoren bat eskaileran goiti abiatzen zen aldiro, beste lau beheko tximuei ur zurrusta hotz-hotza botatzen zieten zientzialariek, zarra-zarra. Handik denbora asko baino lehen, tximuren bat eskaileran gora hasten zen orduko, beste laurek heldu eta, zinbi-zanba!, jesusenak ematen zizkioten. Denbora joanean, azkenerako, tximu alerik ez zen eskailerara arrimatzen, bananak jateko amorratzen egon arren.

Orduan, zientzialariek tximu haietako bat atera eta beste berri bat sartu zuten kaiolan. Istanteko, eskailerara jo zuen, jakina. Besteek, ordea, jo eta jo, eman zizkioten epelak! Aguro asko zen lurrean atzera. Hala, hiru edo lau bider: igotzen hasten zen eta zanpa-zanpa egiten zuten errukarri. Taldeko berria, azkenik, ez zen gehiago eskailerara hurbildu, zergatik jipoitzen ote zutenari antzik eman gabe.

Hurrena berriz, beste lehenagoko tximuetako bat atera eta bigarren berri bat sarrarazi zuten kaiola barrenera. Gauza berbera gertatu zen. Tximu azkena sartuak ere gogotik hartu zuen parte jipoi-aldian. Hirugarren berri bat ere sartu zuten, eta… gauza berbera: eskailerara orduko, larruko galantak ematen zizkioten gainerako laurek! Laugarrena gero. Eta, azkenean, bosgarren tximu hasierakoa ere ordezkatua izan zen. Horra bada zientzialariak, hortaz, kaiola barruan bost tximu berri zituztela: bostak otzan-otzanik, badaezpada; bostak zintzo-zintzo, zer gerta ere; bostak etsi-etsi, zerarren…

Tximu haietako bakar batek ere ez zuen noski ur zurrusta hotzik ezagutu, ez zuen halakoren eskarmenturik; hala eta ere, baina, banana bila abiatzen zenari agudo kentzen zizkioten bizkarreko hotzak, bizkarreko hotzak agudo kentzen zizkiotenez, zart-zart! Baldin inolako modurik balego tximu haietako edozeini galdera egitekoa, ea zer demontregatik zigortzen zuten eskaileran goiti joaten zena, seguruenera tipo honetara erantzungo luke: «Ez dakit ba nik… Hemen gauzak hala egin izan dira beti!».

Entzuna egin zaizu ateraldia, hala ez da!?

Albert Einsteinek behin edo behin esan omen zuen moduan, bi gauza bakarrik daude munduan azkengabeak, infinituak, egundainokoak: unibertsoa, bata; eta, bestea, gizakiaren ergela. Ergela, eroa, adimendutik jauzia baita sarri gizakia bere jokaeratan. Ez dago urrutira begira jarri beharrik tximuen alegia honen egia egiaztatzeko.

Bizargorri, 2014-04-16

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2014
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930