Diario Vasco

img
TOPAKETA BRUSELAN
img
Jesus Mari Mendizabal | 30-04-2014 | 07:44

Gizaseme larri bat auto ederrean zebilen Bruselan, jira batera eta bira bestera, lagunekin bildu beharreko puntua inola arraio aurkitu ezinik. Ernegatu zen, bazterrera geratu zen, begira jarri zen… Eta begira zegoen, eta denbora bazihoan, eta biderik ez zitzaion ageri… Hartan, erabaki zuen norbaiti galdetu egin beharko ziola, trantze hartatik irtenenean. Eta hara dama bat tokatu parean.

—Aizu, aizu… Lagunduko al zenidake, mesedez? Bruselan zeharo arrotz nabil, hamaiketan hitzordua dut lagunekin, eta, joan deneko ordu erdian, nondik jo ez dakidala nago, ataka beltzean, beranduturik.

—Nola ez ba?–erantzun zion andre oinezkoak–. Lagunduko dizut, ahal dudan bezainbat. Auto batean zabiltza zu atzera aurrera Bruselan, hiriaren erdigunetik bost kilometrora doi; zehatz esateko, 50-51 ipar latitudean zaude une honetan, eta 4-21 mendebalde luzeran.

—Zu, kasualitatez –gizonak orduan–, ez zara ba ingeniaria izango?

Eta:

—Bai; ingeniaria nauzu, bai. Ene ba! Nola demontre asmatu duzu!?

—Oso erraz, horra. Esan didazun guzti-guztia teknikoki xuxena izango zen noski; praktikoki, baina, alferrikakoa. Alferrikakoa, kuanto! Begira: nik galduta segitzen dut, berandu ikusiko ditut (ikusten baditut) lagunak, eta nola baliatu ez dakit zuk emandako informazioa.

—Bakoitzak bere astoari aurre… –andreak derrepente–. Zu, jauna, inondik ere, politikaria zara, ala?

—Hara orain, berriz! –gizasemeak hortzargi–. Halaxe naiz ba: politikaria… Ai ene bada-ta, nola antz eman didazu!?

—Bistako da ba, gizona –errematatu zuen damak bien arteko topaketa xelebre hura–; ondo bistako denez, alajainkoa. Batetik, ez dakizu non zauden eta, are gutxiago, nora zoazen; bestetik, bete ezin duzun hitza eman zenien lagunei; eta, azak ontzeko, orain arazoa beste nork edo nork konpondu zain zaude… Hain zuzen, niri galdera egin aurreko egoera berberean zaude, bai horixe; orain, ordea, auskalo zein arrazoi arraro harrigarri medio, zer!?, eta badirudi errua nirea dela; nik (eta ez zuk) eragin dudala nahaste-borraste hau guztiau. Arraio tximista!

Atzenean behintzat, adio elkarri uzkur esanik harturik izango zuten gero zein zeinek beren eskualdea; hori bai, arima apartatuta, larruan azala, txakurra ta katua balira bezala.

Bizargorri, 2014-04-30

Categorías