>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZEKENKERIA

Orain duela aspaldi-aspaldian, ez digu asko inporta non, ama gaixotu samartu eta, hura zainduko bazuen, diru premia gorrian aurkitu zen gauetik goizera mutil gazte bat. Herriko aberatsarengana jo zuen ezinbestean, maileguan diru eske. Utzitako sosak hartu eta albait ondoen zaindu zuen ama botikarik onenez. Baina egunak aurrera orduan ere, eta ezin itzuli zuen zorra inolako moduz, lana latz eta beltz eginagatik.

Hartan, gaixoagotu da ama. Diru gehiago behar… Etsi-etsian, joan da berriro jaun aberatsarengana eta eskatu dio, arren eta arren, diru gehiago. Eztez; zain omen zegoela oraindik lehen emanak jasotzeko; zeruak eta lurrak bat eginda ere, ez omen ziola xentimorik berriz aurreratuko. «Alde egin ezak hemendik! Ez diat kea ere emango!» esanda bidali zuen haizea hartzera.

Etxean amaren aurrera presentatzeko kemenik gabe, baso itxi baten abarora erretiratu zen, makur eta triste. Han, bidezidor batetik, aguretxo bat agertu zitzaion. Elkar agurtu zuten eta, bidean berriketan joanaldia egin eta gero, enbor baten gainean eseri ziren biak. Eta txera argian honela mintzatu zitzaion agurea gazteari:

—Estuasunean habil, hortaz, gazte; estuasun larrian. Neuk lagunduko diat… To, hemen dauzkak hiretzat eskalapoiak, zurezko oinetako tzarrak. Jantzi itzak. Baldar traketsak direnez, laster egingo duk estropezu; nahita ez bada, nahigabe. Orduan ikusiko duk ikustekoa! Hori bai, kontuz: baldin sarriegi egiten baduk estropezu, errukiena hi, txikitzen-txikitzen joango haiz-eta agudo asko.

Despeditu zen gero agure misteriotsua. Instant batean jantzi zituen mutilak eskalapoiak. Estropezua nahita egin eta… hara: urregorrizko eta zilar zurizko txanpon mordoa sortu zen hutsetik…! Zalapartaka itzuli zen etxera txoratzen. Behin han zela, estropezuka-estropezuka, bere zor guztiak kitatzeko adina diru lortu zuen abian. Agurearen hitzak ez zeuzkan, baina, ahazteko. Eta behin aski sos iruditu zitzaionean, eskalapoi magikoak erantzi eta habetik zintzilik utzi zituen, beste baterako ere.

Txanponak poltsa batean hartu eta jauntxo aberatsari eraman zizkion etxera, ordura arteko zor guztien ordaintzat. Harritu zen zeharo, noski, mailegu-emailea; eta amorratuta jakin nahi izan zuen, ea nondik arraio lortu ote zuen ba hainbeste txanpon eder. Mutilak ahoan bizarrik gabe kontatu zion agure misteriotsu eta eskalapoi magikoaren historia, hasi eta buka. Ekartzeko eta ekartzeko eskalapoi haiek; erakusteko, mesedez eta mesedez! Eta baietz. Ekarri dizkio mutilak zurezko oinetako magikoak, jantzi ditu jauntxoak eta joan da goiko gelara ihesi…

Handik laster, hotsak entzuten dira sabai gainetik: dinbi-danba!, lehendabizi; txin-txin!, ondoren. Dinbi eta txin, danba eta txin…! Gero derrepente, isiltasuna: ezeren hots txikienik ere ez. Harrituta, kezkoso, joan da gaztea goiko gelara eta han ikusi du eszena: egundoko urrezko txanpon mordoa zoruan pilatua, eta haren gainean titiko umegorri bat mainatsu, gari pilaren gainean txoria goseak bezala. Bere zekenkeriaren erruz eta ordainez, baldinbetan! Lehen berea zernahi; eta, hala ere, Ipiñarrieta bete urre nahi!

(Zazpi bekatu nagusiak, 2)

Bizargorri, 2014-06-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2014
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30