>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HARRIAK ETA ZUBIAK

Famako dabil egunotan, hitzetik hortzera, “zubiak eraiki beharraren” kontua. Zubiak eraiki beharra jokabide politikoetan, zubiak asmatu beharra portaera ekonomikoetan, zubiak jaso beharra herrien, auzoen, diferenteen harremanetan… Zubiak hemen eta zubiak han. Izan ere, hamaika jende klase harrigarri bagara elkarren ondo-ondoan; gisa askotako giza-semeak eta gama askotako ama-alabak gaude, onerako nahiz txarrerako: militarra, politikoa, alferra, ehorzlea, bankaria, pobrea, medikua, mozkorra, aberatsa, zerga-ordaintzailea, abokatua… Gutako bakoitzak badu derrigor, batetik ez bada bestetik, zerbait baino gehixeago.

Famako ibili izan da aspaldian, hitzetik hortzera hau ere (beti gaztelaniaz kontatua, hori bai), arestiko hamaika jende klase-ale horiekin oratutako txiste merkea, honelatsu dioena: «Hona hemen gure gizartea nola antolatua dagoen, begira: pobrea lan egiteko dago; aberatsa, berriz, pobrea esplotatzeko; militarra dago aurreko biak defendatzeko; zerga-ordaintzailea, aurreko hirurak abonatzeko; alferra, aurreko lauren izenean atsedena hartzeko; mozkorra, aurreko beste bosten izenean edateko; bankaria, aurreko seiei iruzur egiteko; abokatua, aurreko zazpiak engainatzeko; medikua, aurreko zortziak akabatzeko; ehorzlea, aurreko bederatziak lurperatzeko; politikoa, azkenik, aurreko hamarren kontura, lasai arraio, bapo bizitzeko».

Askoz famatuagoa da oraindik (hemen gurean jende bakanak irakurria, hori bai) Italo Calvinok Hiri ikusezinak liburuan ederki kontatzen duena, zubietako hamaikatxo harriei buruz, nik gaur hona zuretzat, aurreko guztiaren osagarri, dakarkizudana. Zubiaz goza dezazun. Gogoan izan ezazu, edozein moduz ere, literatura (ondoren irakurriko duzuna, kasu) egiazkoen eta alegiazkoen bidegurutzean gertatzen dela beti. Aurrera, hortaz: nahi baduzu, jai ez duzu.

« Marko Polok zubi baten deskribapena egiten dio, harriz harri, Kublai Khan subiranoari:

—Zein da, baina –honek–, zubiari eusten dion harria?

—Zubiari ez dio harri batek edo bestek eusten –erantzuten du Markok–, harri guztiek osatzen duten arkuak baizik.

—Zer ari zara, hortaz, niri harriez mintzatzen? Arkua bakarrik interesatzen zait.

—Harririk gabe, arkurik ez da –Polok».

Akabo, fini, kito… Horra, ederki esana. Ez da inon inor sortuko egia horri muturra bihurrituko dionik. Eta, bistan da, badu aplikazioa politikan, ekonomian, herrian eta… “zubiak eraiki behar” diren guztietan: harririk gabe arkurik ez da. Txarren-txarrena da harriak (hamaika jende klasek) harrikada dakarrela txitean-pitean: abokatuak ez bada, bankariak; mozkorrak ez bada, medikuak; ehorzleak ez bada, zergadunak; pobreak ez bada, politikoak; alferrak ez bada, aberatsak; eta, dena xuxen dagoenean, militarrak! Hamaika ikusteko jaioak garelako.

 

Bizargorri, 2014-08-06

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2014
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031