>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ALFERKERIA

            Zazpi bekatu nagusien inguruko ipuinak asko dira eta toki askotakoak. Gaur alferkeriak jota nabil eta, beraz, aurrena harrapatu dudana kontatuko dut hemen. Aurrena harrapatua izateak ez du, berez, txarrena denik esan nahi. Ezta gutxiagorik ere; ikusiko duzu.

            Afrikako oihanetako herrietan kontatzen duten ipuina omen da honako hau; suaren eta lehoinabarraren istorioa. Lagun-zaharrak ziren, agidanean, biak; oso lagun onak. Lehoinabarra oihanean bizi zen ehizean, gorde-agerka, oraindik ere bizi den modu beretsuan; sua, berriz, haitzulo batean bizi zen, egonean beti, gorde-gordean. Inoiz edo behinka, elkar ikustearren, lehoinabarrak egin behar izaten zituen ibilaldi luzeak, oihaneko aldian aldiko puntutik betiko haitzulora, sua orduan ez zen-eta inora ezergatik ere irteten, kieto bertan beti. Egun batean behin, nekatu sobra ere, eta hala esanik izango zion bisitariak su-garrari:

 «—Neu nator zuregana bisitan aspaldi;

noiz ote dut nirean zure ikustaldi?

Oihan itxian bada nahikoa zabaldi,

zu zer zaude lau harri beltz artean geldi!?».

                     Eta suak honela erantzunik izan behar zion:

«—Bistan daukat hamaika haritz, fago ta haltz,

hala berean ere tximu, lehoi ta hartz…

Oihanean emango banitu bi urrats,

sortuko nuke mila ikara izu latz».

 

Lehoinabarrak, hala ere, baietz eta baietz, irten zedila behingoz haitzulo beltz hartatik oihan berdera, ikustekoak zirela-eta hango faunak eta florak, hangoxe argiak eta itzalak. Azkenerako, horratik, bairatu zuen sua. Eta agindu zion honek aterako zela, bada; baina, hori bai, sin falta gero!, haitzulotik oihan ertzera bitarteko bidetxoa ondo-ondo garbitu behar ziola lehoinabarrak, lur-gorri utzi arte; bestela ez omen zela harpetik mugitu ere egingo.

Lehoinabarrak esan bai bidetxoa soil-soil garbituko ziola suari, baina lau belar atera eta beste bost hosto erretiratu besterik ez zuen egin, alferrak halakoak! Hala, sua haitzulotik atera zen istanteko, sute bihurtu zen derrepente, eta, haize hatsa lagun, zuhaitz ipurdietatik adaburuetara igo zen harro, dena kiskaliz. Lehoinabarra ere ez zen aparte. Izu ikarak hartuta, errukarri, ihesi hasi zen batetik bestera… Ez alferrik: larrua erre eta ttantto nabarrak eragin zizkion soin guztian, burutik buztanera, suak.

«Oraindik daramatza ttanttoak munduan

lehoinabarrak ezin inola kenduan.

Sua sumatzen badu ia laztanduan,

ihesi irteten da eroen moduan!».

 

Bizargorri, 2014-08-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2014
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031