>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NIRE ZAHARREAN…

Zahartzea, deabruak  hartzea; zahartzeak, ezer onik ez; etxe zaharrak, itote; zaharrago, beharrago… Hala eta guztiz ere, demontre, denok zahartzera iritsi nahi… Halaxe, zahartzera iritsita, bizi dira gure auzoan agure zahar bi, aitona eginak biak aspaldi, elkarrengandik distantzia handira gabe. Ezin esango dugu hego-haizeak adina urte dutenik, ezta eztula baino zaharragoak direnik ere. Ez. Aspaldi direla gazte izanak? Bai. Ez ditugu, adei-legez, aitona bien izenak aitatuko hemen; baina hiruna zertzelada seinalagarri emango, bai. Batek burua iretargia du, besteak zilartutako ile-bizarrak daramatza. Hau gerri-zorro handikoa da; hura, aldiz, hezur eta azal, aho eta begi. Biek ala biek dute ateraldi kuttun honako hau: «Nire zaharrean, oraindik ere…».

Atzo bertan, sargori latza zen kostaldean eta, etxe itxian etsi ezinda, arratsaldeko sei eta erdiak aldera, burusoil argalak hots egin zion telefonoz bizar-zuri gizenari: ea plazako arkupeko itzalera jaitsiko al ziren haizea hartzera. Eta baietz. Bizar zuria etxeko jantzian zegoen etxean, beti bezala. Aldatzen hasita, alkandorako botoiak oker lotu zituen, brageta ixtea ahaztu zitzaion, alpargatak erantzi ere ez zituen egin, eta ba zihoan kalera lasai. Atarira orduko ohartu zen, ordea, eta «Nire zaharrean, oraindik ere moldatzen nauk ni» berekiko eginda, zuzen jantzita prantatu zen dotore.

Behin kalean elkartu zirenean biak, ohiko diosalen ondoren, plazara jo zuten berriketan. Arkupeko aulkian eseri zirenean, bero baitzen, esan zuen agure potoloak:

—Nire zaharrean, oraintxe ere izozki pare bat jango nikek nik gustura.

—Banoak derrepente bila –lagun iharrak–. Nolakoa nahi duk?

—Txokolatezko bi bola.

—Ba nik banillazkoak nahiago… Erosi eta berehala natorrek.

—Hobe izaten duk enkargua apuntatuta eramatea –aholkatu zion ile zuriak.

—Alde egin ezak hortik! Izozki denda hor bertan zagok eta. Nire zaharrean…

—Apunta ezak, badaezpada; bidean ahaztuta ere…

—Ezetz ba, ez zaidala ahaztuko. Hago isilik, motel!

Eta han abiatu zen argala tipi-tapa plazatik izozki dendara, bere buruarekin blaga mutuan: «Bi izozki bola txokolatezko eta bi izozki bola banillazko, bi izozki…».

Handik hogei bat minutura, han agertu zen gizona arkupera bi txistor frijitu eta bi saltxitxa erreekin. Zekarrena ikusita, hala esan zion zain zegoenak mandatariari:

—Nire zaharrean ere hala jaten ditiat eta, non duk saltxitxentzako mostaza!?

—Makabenla…! Ahaztu egin zaidak.

—Ikusten duk. Esan diat ba nik hiri apuntatzeko, apuntatzeko esan diadanez hiri nik… Demonio! Orain alfer-alferrik duk.

Bizargorri, 2014-09-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2014
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930