>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

JALEKERIA

Antzina-antzina, Eguzki, Ilargi eta Haize senideak ziren. Behin, Trumoi eta Tximista osaba-izebek bazkaltzera gonbidatu zituzten beren harkaitz zorrotz gaineko palaziora. Pozik joan ziren hirurak; baina, badaezpada, amatxo Izarrek etxean geratzea erabaki zuen, ondoezik samar omen zebilela eta. Osaba-izeben salara iritsi zirenean, aho bete huts gelditu ziren senideak mahai gaineko jakien aukeren maukera ikusita. Denetik bazen han, izan ere, barrenak ondo bete arte jateko, gozotik, gezatik, gazitik.

Irrikaz eseri ziren mahai gizenera, hortaz, gose baino begi gehiagorekin. Eta zurru eta purru jan zuten, hemendik pixka bat, handik puska bat, bapo egin arte. Eta jan zuten guzti-guztia zegoen gustagarria txit. Haizek eta Eguzkik, axolagabe eta berekoi, denetik mauka-mauka irensten zuten bitartean, Ilargik, horratik, ama ez zeukan ahanzteko. Horregatik, inguratzen zioten azpil bakoitzetik puskak hartu eta gorde egiten zituen, amari emateko, hark ere banketeaz goza zezan, zerbait bada ere.

Hirurak atzera etxera asean eta betean itzuli zirenean, ama Izarrek, ohiko moduan, galderak egin zizkien: ea zer moduz, bada, palazioko bazkaria; ea zer moduz pasatu zuten, bada, osaba eta izeba-enean; ea zertxobait behintzat ekarri ote zioten, bada, berari ere… Eguzkik lehendabizi, zaharrena bezain zakarrena izaki, lotsagabe erantzun zion: «Nik zera ekarriko nizun zuri ezer, ama! Ni banketera neu joan naiz, eman-ahala jatera. Jana niretzat zegoen han; ez zuretzat, ala?». Amari ez zion batere graziarik egin seme nagusi aho-gorriaren erantzunak, eta bigarrenari begiratu zion.

Haizek, orduan: «Nik ere ez dizut ba ezer ekarri, ama. Hain goxoa zegoen dena! Gogoratu naiz ni zurekin bost, hango txokolatezko untxiak eta karamelozko txitoak eta guri-gurizko txitxiak begien aurrean ikusita!». Ama Izarrek ezin sinetsi zuen bi semeen jalekeria, berekoikeria, lotsa pitinik ere eza. Haserretu egin zen… Eskerrak orduan Ilargik atera zituen janari puska gordeak mahaira beretzat, esanez: «Zaude lasai, ama. Begira zer ekarri dizudan…». Eta bihotza altxatu zion horrek ama penatuari.

Artean ere haserre zegoen, ordea, eta hala egin zion gogor Eguzkiri aurrena: «Seme eskergaiztoko, hire sabela majo berdindu, eta ama gajoa berdin-berdin du!? Begizkoa egingo diat ba: gaurtik aurrera betirako, hire errainuak erregarriak izango dituk, dena ditek kiskaliko; eta jendea babestu egingo duk hire aurrean». Haizeari hala egin zion hurrena: «Sabela bero dakarrek hik ere. Neu bon-bon eta besteak hor konpon. Zigortuko haut ba hi ere: gaurtik aurrera, beti ez bada ere, neurri gabe harrotu eta krudel zoratuko haiz maiz, bazterrak jo eta suntsitzeraino. Jendeak errespetua ez baina, beldurra izango dik; eta ezkutatu egingo zaik, on adina kalte eragiten diekelako».

Azkenik, Ilargiri: «Ene alaba, sabel betetik zatoz zu zeu ere. Alabaina, gogoan izan nauzu zuk. Zuk bakarrik, lastima arraioa; ez kaikuak eta kirtenak bezala. Zuk, sikiera, hesterik ez duzu bihotzean ere. Beraz, saritu egingo zaitut, horra: «Gaurtik aurrera eta betiko, distira lasai eztia izango zara zu, ilunean ederra, zeru zabalean gauero; lurretik, behetik gora,  jendeak estima handian begiratuko zaitu beti; iluntzetik eguna argituko duen artean, miramenduetan egongo zaizu aho xabalik, lelo-lelo, zutaz zorabiaturik, zurekin enamoraturik, zuregandik arratseko astiari eztia jezten».

Bizargorri, 2014-09-17              (Seigarren Bekatu Nagusia)                         (Lady Groupie, 2008)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2014
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930