>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

NOLA DEMONTRE…!?

Gipuzkoako goi-herri koskor batean (zeinaren izenaz, badaezpada, oroitu nahi ez dudan), behin, ez horren aspaldi ere, baserriko gizaseme artean sasoiko bati, munduan beste askori bezala, auto xaharra ajeatu ibiliaren ibiliz eta kalera eraman beharra tokatu zitzaion, konpontzera derrigor. Gogoan ez dut seguru kuatro elea zen (4L) edo renolt seia (R6). Gure gaurko kasurako, igual-igual dio.

Garajean esan zioten biharamunera arte, gutxienez, utzi beharko zuela autoa bertan; adieraziko ziotela bila noiz etorri. Mutil baserritarrak, hortaz, oinez itzuli beharra zeukan etxera, kaletik gora, baso-arte baten ondorengo azken auzo-etxe batzuetatik gooorago. Aurretik, hala ere, kalera jaitsi aldiro ohi zuen gisan, bisita batzuk egin zituen: hasteko, estanko esaten zioten orotariko denda antigoaleko batean, burdinazko balde bat eta hiru bat kiloko pintura potea erosi zituen; ondoren, eliz-aurreko ostatuan, basoerdi parea hartu zuen ezagun batzuen artean; eta, azkenik, lagun-xahar batek bi oilo eta antzara bat entregatu zizkion, aspaldi samarretik zor zizkionak, agidanez.

Horra, bada, gure protagonistaren abelera makurra: aldean nola demontre hainbeste gauza baserriraino taxuz eraman? «Eramango diat hau guzti hau neuk bakarrik, porlos!», zioen bere kolkorako. Kaskarrean hazka eginez pentsaketan zegoela, hor non inguratzen zaion atzetik andre adintsu bat, galdezka: ea halako eta halako senar-emazteak non bizi ziren ba ote zekien. Baietz, hangoxe goeneko auzoan bizi zirela eta, handik igaro behar zuenez etxera joateko, lagundu ere lagunduko liokeela gustura, baldin baleki nola garraiatu bi eskuetan bi trasteak eta hiru abereak.

Atsoak, orduan: «Zergatik ez dituzu, pintura potea baldean sartuta, biak esku batean hartzen? Oilo bakoitza gero galtzarbe banatan ipini, beste eskuarekin antzarari heldu, eta kito». Estimatu zion zinez laguntza señorari. Zera bakoitza bere zerean hartu gero, eta biak han abiatu ziren kale barrenetik herriko goen aldera, tipi-tapa… Kaletik irten bezain pronto: «Bidezidor bat ezagutzen dut ba nik, nahi baduzu –proposatu zion mutilak andreari–. Bide zabaletik irten egingo gara, bai; baina kilometro bat moztuko dugu ibilbidea. Zer deritzozu…?». Goganbeharrez begiratu zion damak eta zehar-begiraka erantzun: «Alargun ahul bakartia naiz ni, babestuko nauen batere gizonik gabea. Nola dakit nik ez ote nauzun bide galdutik eramango, arbola baten kontra lotuko, sexualki behartu eta bortxatuko? Nola dakit nik, e!?».

—Baina, baina, emakumea! –erantzun zion mutilak begi biak arranpalo-. Nola demontre, nire abelera honetan, balde eta pote eta oilo eta antzara, nola demontre, gero, bultzatuko zaitut arbola baten kontra eta lotuko? Nola behartuko zaitut eta bortxatuko nik, zama honekin guztiarekin? Nola, baina!? Oraindaino halakorik…

—Zer baina eta zer baino. Nola demontre, esaten didazu? Hara bestea berriz! Ba, entzun ondo eta egin niri kasu: utz ezazu antzara lurrean…, hooorreela, ondo; estal ezazu baldearekin agudo…, hooorreelaxe, primeran; ipin ezazu balde gainean pintura potea…, hooori da, ederki. Eta orain, neuk eutsiko diet oiloei, bi besoak zabal-zabal eginda; ikusten duzu? Mekabendio! Ez daukazue batere iniziatibarik, joino!

Bizargorri, 2014-10-01

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031