>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

LEGEA ETA LOGIKA

Zuzenbide ikasketak egiten ari zen mutil gazte azeri batek, ikastaro akaberan, esamina garrantzitsu bat gainditu ez zuen. Irakasle estu zorrotzarengana (legezko kontu bihurrienetan ere, bide batez, buru txit zorrotzeko fama omen zuen harengana) lotsarik gabe jo eta hala egin omen zion ikasle suspendituak, giza legez, argudioan:

—On Martin jauna, berorrek ba al daki berorren irakasgaiaren inguruan jakin beharreko guztia? Bai ote?

—Nik baietz esango nuke –barre haizearekin On Martinek–. Ez nengoke katedradun, bestela, nagoen tokian… Ez al zaizu iruditzen?

—Bai, horixe. Hori hala izanik, hortaz, galderatxo bat egin nahiko nioke nik berorri; errespeto guztiz, jakina; ahal balitz, behintzat…

—Nola ez ba? Egin, egin galdera.

—Tratua, lehendabizi. Berorrek erantzun zuzena asmatuenean, ontzat emango nuke suspentsoa nik. Bestela, ordea, asmatu ezean, bikain jarri beharko lidake azken azterketan berorrek. Horra nik erronka bota. Onartzen al du?

— Oraintxe ez nabil ni inoizko azkarren, baina hainbesteraino diozunez gero… Ea ba, zein da galdera zorioneko hori?

—Oso sinplea da. Zer da legezkoa dena, baina ez logikoa; logikoa dena, baina ez legezkoa; eta, aldi berean, ez logikoa eta ez legezkoa dena?

Bere burubideen errotan gogotik eho zituen On Martin hots handikoak legeak eta logikak, baina ez alferrik. Burua hautsiagatik ezin asmatu zion galderari erantzun ganorazkorik; ezin memoria askatu! Intxaurrak baino hotsak handiago, nonbait, haren kasuan ere. Beraz, ikasle hari bikain jarri behar izan zion, gutxiegi kenduta. Gau osoa jo zuen gizonak bilan, gauzari aztarren edo sustrairen bat atera nahian: ez ta bat ere. Hurrengo egunean, unibertsitateko ikaslerik bizkorrenak, buruargienak, kutunenak bere gelara bildu zituen. Eta irakasle jaunak, loa galdutako begi eroriekin, galdera bihurri zaila zekarrela esan zien, eta pentsa zezatela astiro ezer erantzun baino lehen. Ea zer demontre ote zen, bada, legezkoa dena, baina ez logikoa; logikoa dena, baina ez legezkoa; eta, aldi berean, ez logikoa eta ez legezkoa dena… Bere lotsa eta harridurarako, ikasle bildu guztiek taka! altxatu zuten besoa agudo, erantzuna bazekitela adieraziz. Harri eta belarri eginik, hitz egiteko eskatu zion orduan bati. Eta:

—Oso erraza da, On Martin jauna. Argi asko dago. Lehendabiziko partea. Berorrek hirurogeita hamar urte ditu eta berorren emazteak hogeita zortzi gutxiago: hori legezkoa da, baina ez logikoa. Bigarren partea. Berorren emazteak hogeita bi urteko maitalea du: hori logikoa da, baina ez legezkoa. Hirugarren eta azken partea. Berorren emaztearen mutil maitaleak suspenditu egin zuen azken azterketan; halere, berorrek bikain jarri berri dio nota: horra hor ez logikoa eta ez legezkoa dena.

Enfin, Jainkoak egin zuen Martin bere pata okerrakin!

Bizargorri, 2014-10-22

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2014
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031