>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

KATU OTZANARENA

            Ormaiztegi Sanandresetan, eguraldi aldrebesetan. Zernahi toka daitekeelako; zernahi kuanto. Hotza eta beltza, batik bat. Bete-betean agertzeko oraindik ia hilabete falta omen zaion arren, aurki erakutsiko digu neguak muturra. Sanandresekin datorrelako gurera itzala eta lainoa, bisutsa eta aldagoia, elurra eta izotza. Giro petrala. Baita orain ehun urte ere… Eta kasua etorri zait gogora, gure amona zenari aditua, bera ume gorri zela Zeraingo Haizpean gertatu omen zena.

            Urte garaitsu honetantxe, hotzera bidea hartu eguraldiak eta sekulako gordina jarri zuen egunetan. Xebero mutilzaharra bakarrik bizi zen mendi goiko borda batean. Ttanttoren baten falta izan behar zuen gizajoak. Neguari muturra ikusi zioneko, tipi-tapa herriko dendara jaitsi zen oinez, ostiral goiz batez, izotza zuri-zuri zegoela. Herrian, beste guztiek bezala, oso ezaguna zuen dendaria; eta laguna.

            —Egunon, Krispin. Aizak hi, hasi dituk hotzak eta, ohea epeltzeko eta oinak berotzeko erabiltzen diren ur-poltsa gomazko horietako bat emaidak, faborez.

            —Kasualidade arraioa, moteil! Oraintxe denbora asko ez dela eraman dik Kortazarreko Lutxik neukean azkena. Etzaidak alerik ere gelditzen, gizona…

            Ea zer demonio egin behar ote zuen ba berak ondorengo gau luzeetan, mendi goenean bakarrik, hotzak akabatzen… Lehenago izana zuela ur-poltsa gomazko bat, baina auskalo noizkoa, eta, erabiliaren erabiliz, maiztu, zartatu eta hautsi egin zitzaiola iaz; berri baten premian zegoela nahitaez, biziko bazen…

            —Lasai, moteil –orduan dendariak–. Bazekiat zer egin: nire katua utziko diat.

            —Zeeer…!? Hire katua!?

            —Katua, bai. Behin baino gehiagotan berotu izan zizkiek gurean umeei oinak ohean, gozo asko! Pottolo-pottoloa duk, otzan-otzana. Hik izara artean sar ezak, oinetan ipin ezak poltsa balitz bezala, eta ikusiko duk zer den epelaren atsegina! Ez zaik mugitu ere egingo… Datorren asteartean iritsiko zaizkidak gomazko poltsa berriak. Orduan etor hadi, bat eraman ezak hiretzat, eta katua atzera guretzat.

            Konforme. Mila esker. Eta tipi-tapa pox antzean abiatu zen borda-etxera bueltan Xebero… Hurrengo egunean, baina, eguna argitzearekin batera, hara non agertzen den berriz mutilzahar gizajoa, aurpegi guztia harramazkaz josita, errukarri.

            —Krispin! Kabendio! Har ezak hire katu madarikatu hau eta sar ezak kabitzen zaian zulotik! Ikusten al duk nola utzi nauen!? Har ezak…, akabatuko diat-eta, bestela!

            —Zer kristo egin diok ba!? Hau baino animalia otzanagorik ez zegok-eta inon!

            —Otzana!? Otzana, esaten duk? Zakurren potroak! Inbutu-muturra ipurtzuloan ezarri nionean, ondo mantendu zuan, geldi, zintzo. Baina, ai ene, honen amorrazioak, honen mao-marruak, honen atzamarkak… ur-irakina botatzen hasi nintzaionean! Nola jarri zitzaidaan, putakumea halakoa! Ezta infernuko deabru guztiak hartuta ere…

Bizargorri, 2014-11-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2014
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930