>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ESKOLA ETA KARTZELA

                            Hauteskunde-aurreko kanpai-hotsak hasiak dira dinbili-danbalan. Alderdi politikoak esnatu zaizkigu berriz ere, eta aurki ekingo diote zalapartaka, bisita hemen bisita han, inoiz bestela ikusi gabeko bazterrak amainatzeari, zurikatzeari, limurtzeari…, direnak eta ez direnak aginduz, koipea dariela. Diru-soinuak erakusten baitiete nola atzeak eta aurreak dantzatu. Porru-jorra ederrak aterako dizkigute berriz ere…, berentzat!

                            Izan ere, hitzetik hortzera dabil hedabideetan ustelkeria eta iruzurra, hitz zuria eta diru beltza, “geuk libre edozer eta inorentzat ez ezer”. Barcenas, Del Nido, Fabra, Matas…, dagoeneko hartuak daude atxilo; Acebes, Rato, Bono, Mato…, kartzelan agian gerora apopilo. Badirudi, politikarietan alerik ere ez dela libratzen, zurien-zurienetatik gor-beltzetaraino. Badirudi, eskola ederra bildu dutela guztiek ere (politikari, epaile, sindikalista, gobernari, …) deliturako. Kartzelara bidean dirudite.

                            Honako anekdota hau Ebroz beheiti gertatu omen da, baina igual-igual gerta zitekeen noski gure Hegoaldeko hiriburuetako edozeinetan ere; Donostian bertan, esaterako. Bi politikari, gizaseme adinean sartua bata, andre gaztea bestea, hauteskunde-aurreko bisita erritualak ari dira elkarrekin egiten, zaharrak erakuts diezaion berriari nola egin behar diren politikan gauzak, politika pollikitto politez.

                            Joan dira aldirietako eskola publiko batera (Morlans-era, adibidez) eta zuzendariak: «Arazo mordoa daukagu –esaten die, gorabeherak aletuz–. Kalefazioa ez dabil, jangelako sabaia erortzear dago, komunak puskatuta daude… Gureak egin du, non eta ez diguzuen laguntzen. Mesedez…!». Politikari biek buru-makurka baietz eta baietz… Zaharrak, atzenean: «Ez duzue, ez, atarramendu onik. Errukarri zaudete, bistan da. Saiatuko gara hau guztiau zaharberritzen. Ahalegina egingo dugu. Agindu, ordea, ezin agindu dizuegu ezer zehatz ziur. Presupuestoak ez dira gomazkoak».

                            Handik hurrena, abiatu dira kartzelara bisitan (Martutenera, eman dezagun). Eta han ere zuzendariak: «Arazoak dauzkagu. Zuen laguntzaren beharrean gaude. Dozenerdi bat jakuzzi dauzkagu eta bat ere ez dabil erabat ondo: goizetan, nonbait hor; arratsaldeetan, ordea, ura ez da aski berotzen… Okerrena, dena den, antena parabolikoarena da. Ikusi, ondo ikusten dute presoek telebista, baina azken boladan marratxo mehe batzuk sortzen dira inoizka, eta, jakina, zertarako dago HDa, bereizmen handiko pantaila!? Alfer-alferrik…». Adineko politikariak orduan, xeraz: «Zaudete lasai. Inori emanenean, zuei emango dizkizuegu laguntzak. Datorren astean bertan izango duzue dena konpondua. Utzi nire kontu. Hitza ematen dizuet. Agur!».

                            Hala behintzat, jo dute kalera. Eta, behin han zirela, neska politikari berriak, harrituta, esaten dio zaharrari: «Ez dakit ba nik, gizona… Eskolako gajoei deus ere ez diezu agindu, hor konpon! Kartzelako hauei, aldiz, gorabehera guztiak berehala konponduko zaizkiela agindu diezu, kosta ahala kosta… Kartzela hobeto dago eskola baino! Zer dela eta?». Bere denboran eskola “ederra” bildutako politika-gizonak, eskarmentu handiko elementuak, orduan zapla: «Zer dela-eta, diozu…? Zu atzera eskolara joango al zara berriz…!?».

Bizargorri, 2014-12-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2014
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
293031