>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ANTIBESeko ALKATEarena

Frantziako Kostalde Urdinean dago Antibes, Niza eta Cannes-etik ez oso aparte. Notizia izan zen alkate jaunak iaz idatzitako gutuna edo ohar-orria; egunotan beteko da urtebete juxtu. Guraso musulmanek herriko eskoletako jangeletatik zerrikia baztertzeko, erabat kentzeko, eskatu omen zuten; eta bertako herri-nagusiak, ezezko biribila emanez, hautsi-urratuak egin omen zituen, zirt-zart, ikastetxeetara bidalitako honako gutun honen bitartez. (Erosi bezalaxe saltzen dut nik).

«Ez. Zergatik eta zertarako…? Musulmanek uler dezaten eurak direla Frantziara, Frantziako ohituretara, hemengo tradizio eta bizimodura jarri behar direnak, eurak direlako hona emigratzea erabaki zutenak; uler dezaten, hemengo gizartera egokitu eta Frantzian eraz bizitzen ikasi beharra dutela; uler dezaten, eurak direla beren bizimoldea moldatu behar dutenak, eta ez noski zintzo asko beren etxean jaso dituzten frantsesek; uler dezaten, frantsesak ez direla xenofoboak eta arrazistak, musulman etorkin mordoa onartu dute-eta (musulmanek eurek ez bezala onartu ere, ez baitute beren herrian atzerrikorik begi onez ikusten).

«Ez. Zertarako eta zergatik…? Frantsesek, munduan beste herrialde ugarik bezala, beren nor izanari uko egin nahi ez diotelako inolako maneraz, internazionalista guztien esanak eta erasanak gorabehera; baldin Frantzia babes-herri bada, ez delako aldian aldiko ministroak edo gobernuak kanpotarrak jasotzen dituelako, frantses herriak berberak jasotzen dituelako baizik, frantses herriak koanto, herria bere osoan kontsideratuta.

«Uler dezatela, azken batean, Frantzian bere Gabonetako zuhaitzek, bere elizek, bere ospakizun erlijiosoek, bere erlijioa bera ere, eremu pribatu hertsian gelditu behar izaten dutela, bertako erro judu-kristau eta guzti (ez erro judu-kristauen damuz, ez). Beraz eta hortaz, alkatetzak arrazoi bete-betea du, islamarekin eta haren delako sharia erlijioarekin hautsi-mautsirik edo traturik batere egin gabe.

«Laikotza edo laikotasuna trabatzat daukatenei, Frantzian horregatik konforme ez dauden musulmanei, gogorarazi nahi diet mundu zabalean berrogeita hamazazpi herrialde musulman zoragarri existitzen direla, jendetsuak gehienak, pozarren eta beso-zabalik hartuko eta jasoko lituzketenak, sharia legea errespetatze aldera.

«Zeuen herrialdeak utzi eta Frantziara etorri bazarete (eta ez zuen ohitura eta fede bereko lurralde musulmanetara joan), Frantziako bizimodua beste tokietakoa baino hobekotzat jo duzuelako da, baldinbaitere.

«Behin sikiera, sikiera behingoagatik behin bakarrik bada ere, egiozue zuen buruari honako galdera begien bistako hauxe, zintzo: “Zergatik ote gaude gu hemen Frantzian hobeto, jaio gineneko geure ama-lurrean baino? Zergatik ote da…!?”.

«Bada, galdera horretxen erantzunaren parte bat besterik ez duzue, zer?, eta, hain zuzen ere, herri honetako eskoletako jangeletako… zerrikia. Horra dena esan. Aditu nahi duenak ez bitza belarriak itxi».

Bizargorri, 2015-01-07

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031