>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BETAURREKOENA

Marka gertatu zaio gure ezagun gazte bati atzo, marka gertatu zaionez! Errege egunaz geroztik, lanak hala aginduta, Madrilen da mutila. Atzokoa San Sebastian eguna eta andregaiaren urtebetetzea izanagatik. Penatxo du berak ere; batez ere, andregaiarentzat akordatzean. Edozein moduz ere, ohitura lege, maiteari zertxobait bidali beharko ziola, bada, eta, betaurreko berri batzuen premian zebilela jakinik, hiriko optika batera jo zuen, joan den astean, antiojo bueno-bonito-barato batzuen bila.

Bazen han aukera… Atzenerako, behintzat, bizpahiruren artean, hauexek eta kito. Damatxo saltzaileak, kobratu aurretik, paper berdexka batean bildu zizkion antiojoak. Alde egiterakoan, ordea, gure ezagunak bere fardeltxoa ez, baina beste oso antzeko bat hartu zuen salmahai gainetik, konfundituta, norbaitek aurretik han utzia noski. Errare humanum est. Fardeltxo hura optikako neska bezero batena zen, eta kuleroak zeuzkan barruan, kuleroak!, ondoko kortse denda batean erosi berri-berriak.

Gure ezaguna ez zen, bistan da, hutsegite handiarekin konturatu. Eta handik zuzen postetxera joan zen. Idazki bat egin zion artaz eta kartaz bere neskari. Ondoren, fardela eta gutuna sobre propioan sartu eta postaz bidali zituen Hondarribiara, neska-lagunaren etxera. Errare humanum est, sed perseverare diabolicum. Atzo jaso zuen honek sobrea. Ireki sobrea, ireki fardeltxoa eta… hura ustekabekoa, arranetan! Ez zuen halakorik inondik espero bere mutil kikilarengandik. Eta, ikusmin denak zerbait min, gutuna zalapartaka ireki zuen, bi begiak talo. Hona hemen zer zioen:

«Maite maitea. Zure gustukoa izatea espero dut erregalua. Izan ere, aspaldian zabiltza betikoekin, eta gauzok noizean behinka aldatu beharrekoak dira. Hemengo saltzaileak azken modakoak omen direla baieztatu dit. Berak soinean zeramatzanak erakutsi dizkit eta, bene-benetan, igoal-igoalak dituzu. Neuk ere, badaezpada, probatu nahi izan ditut. A ze nolako barreak egiten dituen andre saltzaileak, halako prendak barregarri suertatu ohi direlako gizonezkoongan; are gehiago niregan, ondotxo dakizu-eta berezko zera nabarmenak ditudala.

«Dendan zebilen neska gazte batek ere lagundu dit aukeratzen. Eskatu dizkit, bereak kendu eta hauek jantzi ditu, neuk argi ikus nitzan alde on guztiak. Nire ustez, dama saltzaileari ederkiago ematen zizkion, neska honi ile-pizarrek gainez egiten zioten-eta. Halere, dena den, ondo ematen zioten zerok… Eta erosi egin ditut. Dizkizut.

Jar itzazu; erakutsi gurasoei, senideei, nahi duzun guztiei, ea zer dioten. Zure xahar haiekin ibiltzen ohitua lehen, hasieran xelebre sentituko zara, agian. Batik bat, azken bolada luzean bat ere erabili ez duzulako. Baldin txikiegiak badituzu, et-et!, marka uzten dute. Baldin handitxo badituzu, berriz, erne!, erori egingo zaizkizu eta. Esan didate, gainera, ondo-ondo garbi ditzazula sarri; baita igurtziekin kontuz ibiltzeko ere, hondatu egiten omen direla eta. Batez ere, kontu eman ezazu non-zertan zabiltzan, galdu gabe alegia, zuk nonahi kentzeko ohitura handia duzu eta.

Hauxe baino erregalo hoberik ez zait burutik pasa. Hurrena noanerako, jantzita ikusteko amorratzen nago, maitea! Musu handi-handi bat bi masailen erdi-erdian!

 

Bizargorri, 2015-01-21

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031