>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ERREMINTAK

Denbora politikoa goldatzen hasita, urte asko dira, zoritxarrez, erabakimenaren eskubiderako berezko zilegitasuna lege ezarriek galarazten diotela Euskal Herriari; hilabete asko dira, zorionez, ETAk borroka armatuari, hiltzeko erremintari, tresneriari, ekipoari, uko egin ziola, betiko horratik azkenean; aste asko dira, gehiegiegi, Arnaldo Otegi bidegabeki kartzelan daukatela bengantza hutsagatik; egun asko ez dira euskal presoen sakabanaketaren aurkako manifestazio jendetsua egin zela Bilbon…

Denborak bizarrik ez zuenetik, baina, euskal-dunaren nahia ezina bilakatu da. Espainiak erreminta guztiak bere esku dauzkanez, legea nahierara jarria eta ber-jarria dago zilegitasun ororen gainetik. Euskal Herria ez delako existitzen, ezpada terrorismo baten lur-toki madarikatu. Rajoy presidentea eta españoltasunaren ezker-eskuineko akolitoak dauzkagu gizabidearen, zintzotasunaren eta nortasun on bat-bakarraren jauntxo-dama ipiniak; betirako gure guarda, begirale eta zaindari auto-izendatuak.

Denbora da hemen, Espainia gurean, politikak justizian esku-hartzen duela lotsagabe; preso Europak errugabetuak berriro espetxeratzen dituztela mendekuz; apetaren arabera atxilotuen abokatuak (ere) atxilotzen dituztela nahi bezala; konponbideari arazo iritzi eta eraso egiten diotela zital; euskal-tegietan harrapaka sartzen direla lasai demonio; torturatzen dela krudel; eza dugula gurean… Hori guztia zergatik? Gure guardako begirale omen daudelako. Eta zergatik? Euskaldunok terroristen erreminta tresneria hemen aldean gordea omen dugulako, oraindik, betiko.

Arrantzan argi-urratzez geroztik ordutan aritu ondoren, senarra etorri da etxera atseden hartzera. Emazteak orduan, ondoko lakua oso ondo ezagutu ez arren, erabaki du txalupa hartzea. Arraun plist eta arraun plast, egiten du abantean lakuan barrena; aingura bota hondora badaezpada eta hasten da liburu bat irakurtzen… Hartan, guarda edo aintzira-zain edo begirale ofiziala inguratzen zaio, eta:

—Egun on, andrea. Zer ari zara hor?

—Irakurtzen, bistan da.

—Urtokiko ingurune honetan, hain xuxen, ezin arrantzan egin liteke…

—Barka beza, jauna, baina ni irakurtzen ari naiz, ez arrantzan.

—Hala dirudi, bai. Alabaina, erremienta guztiekin zoaz, aldean daramazu ekipo osoa; noiznahi has zaitezke tresneriarekin arrantzan… Legearen arabera, nirekin eraman behar zaitut preso.

—Zer…!?

—Zuk nahi duzuna esango duzu, baina hau honela da.

—Zer…!? Halakorik egiten baduzu, sexu-erasoa egotziko dizut. Sexu-erasoa!

—Zer esaten ari zara? Nik ez zaitut-eta ukitu ere egin!

—Halaxe da. Alabaina, erremintak hor dituzu, tresneria guztia!, eta edozein momentutan has zaitezke nire zerako zerak zeratzen… Entenditzen didazu…

Bizargorri, 2015-02-04

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2015
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
232425262728