>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EGUZKI-EKLIPSEA

Etzi, martxoak aurten ostiralarekin hogei izango dituenean, goizeko 9:20etatik 11:20etara bitarte, bi orduz, beraz, gutxi gorabehera, eklipse totala (erabateko eguzki itzaltzea) izango omen dugu gure probintzian (ere)… Noizik behineko halabehar harrigarri hori dela-eta, zein istorio aproposagorik, ala Augusto!, Monterrosoren sona handiko eguzki-eklipse harena baino…?

Denek omen dute literaturan ezaguna; hala ere, gehienok aspaldian irakurri gabea izango duzue noski; askotxok dagoeneko oroitu ere ez duzue, agian, egingo; batzuren batzuek ez dakizue zein kontaketaz ari naizen zehazki; gutxi batzuek bertan behera utziko duzue nire hau muzinka agudo; zuetako inork ez du egundo euskaraz leitu, seguruenera… Nolanahi ere, hona hemen Augusto Monterroso idazle handiaren “El eclipse” narrazio antologikoa, zuretzat propio euskaratua, Bizargorriren erregalo.

«Anaia Bartolome Arrazolak, bere burua galdua ikusirik, etsi zuen, ezin izango zuela-eta handik bizirik atera inork ez ezerk. Guatemalako oihan gogorrak preso hartua zeukan, gupidagabe eta betiko. Bere ezjakintasun topografikoa jakinki, lasai eseri zen heriotzaren zain. Hantxe hil nahi izan zuen, esperantzarik batere gabe, bakarrik, urrutiko Espainiara pentsamendua finko; batez ere, Abrojos izeneko komentura. Izan ere, Karlos Bosgarrena behin, haren eminentziatik jaitsirik, haraxe etorri baitzitzaion, esatera alegia, bere erlijiozko lanbidean konfiantza osoa zeukala.

«Esnatu zenean, aldare baten aurrean bera sakrifikatzeko gertu zegoen indigena pilo baten erdian aurkitu zen. Denek ere, aurpegiak sor eta gor. Aldarea, berriz, ohea iruditu zitzaion Bartolomeri, ohea, bere izuei, bere patuari, bere buruari berari ere atseden emateko behingoz.

«Lurralde hartan zeramatzan hiru urteetan, bertako hizkuntzen erabilera hala-holakoa ikasia zeukan. Saiatu zen zerbait. Esandako apurra ulertu egin zioten.

«Orduan ideia bat erne zen bere baitan; bere talentu halakoxeari zegokion ideia, bere kultura unibertsalari eta Aristoteles-ekiko bere ezagutza gaitzari. Konturatu zen, egun hark eguzki-eklipse totala zekarrela. Eta erabaki zuen, bere baitaren baitan, jakintza hura baliatzea zapaltzaile haiek engainatu eta bizia salbatzeko.

«—Hiltzen banauzue –esan zien–, nik eguzkia itzal dezaket goi-goienean dela.

«Indigenek adi eta zurt begiratu zioten, eta Bartolomek sinesgogortasuna zuen atzeman begi haietan. Kontseilu-bilera antolatu zutela ikusi eta uste onean gelditu zen zain, ez halako mespretxu zeratxo bat erakutsi gabe.

«Bi ordu geroago, anaia Bartolome Arrazolaren bihotzak odola zerion parrastaka sakrifizioen harriaren gainean (harria distiratan zelarik, eguzki-itzaliaren argi opakuaren pean). Bien bitartean, indigenetako batek, batere ahots-inflexiorik gabe, presarik gabe, eguzki- eta ilargi-eklipseak gertatuko ziren eta gertatuko direneko datak errezitatzen zituen, akaberarik gabe, maien arteko astronomoek antzina aurre-ikusi eta beren kodizeetan markatutakoak, Aristotelesen laguntza baliotsurik gabe».

Bizargorri, 2015-03-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2015
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031