>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

EDERRA-ONA-EGIA, EIVISSAN

Kant-en trilogia omen denaren berri izan dut joan den astean Eivissan, Ibizan. Egunero irakurtzen duenak beti badu, izan ere, zerbaiten berri. Ederra-ona-egia. Alegia, ondo entenditu badut, ederra ona omen dela, eta, beraz, egia ere bai; alegia, ona-egia-ederra, hirurak hari berean omen datozela beti. Bai ote…!? Ez dakit, bada, nik… Hala balitz, beste kuku batek joko ligukelakoan nago, nire motzean.

Eivissa (Ibiza) ederra da zinez. Irla ttikia (Gipuzkoa erdia); lur lehor muinoetan pinuz jantzia (grekoentzat Pitiusas, pinu-toki); kosta bare kalaz josia… Ederra, ikusgarria; behin ikusiz gero, betiko gogoangarria. Hala gertatu da, behintzat, guretzat. Hotz-bero handirik gabe, bidez bide eta kalaz kala, jendearen ardaila eta iskanbilarik gabe, ibiltzeko eta disfrutatzeko ditxa izan dugu apirilaren erdian. Hemendik aurrera, urrira bitarte, izango omen dira han kontuak: dena auto, dena masa, dena festa izurri… Ederra dago, benetan, Eivissa. Eta ederra ona da; ona denez, alajainkoa. Bidez bide, paisaia politen ikusmiran; kalaz kala, itsas-bazter urdin-berdeen miraz, gozatu ederrak hartu izan ditugu autotxo alokatu batean: hiriburuko Dalt Vila (edo hiri zahar goiena), Cala Bassa, Portinatx, Cala d’Hort, Las Dalias feria hippya, Santa Eularia… Ederra ona da, ez dago dudarik.

Baina, ederra ona izaki, egia ere balitz, ai ene! Kukuak ez liguke makur joko. Notiziak ikusi besterik ez dago hango berri-paperetan. Mendi-muinoetan, etxe zuri-zurietan, aberatsak bizi dira nahi bezala, asko eta asko. Kale-zuloetan, etxe ziztrinetan, zerbitzariek bizi-iraun egiten dute ahal bezala, lan eta lan… Lana apiriletik urrira dago, eta kito. Bizi-tokia alokatu nahi dutenei, hiru urtetarako sinadura eskatzen diete, hileko 900 euro batekoz beste ematera behartuz… Eduardo Galeano zendu berriaren hitzak pitzatuz: «Garaiotako kode moralak ez du injustizia kondenatzen, baizik eta porrota».

Bestalde, Eivissako ederrari eta onari egiarena gehitzeko, Talamanca-ko hondartzan, esaterako, bakteria fekalek 64 aldiz gainditzen omen dituzte, txarretik noski, Osasun Ministerioaren gomendioak; halere, plaia zabalik mantendu da urtetan. Unesco, 2011z geroztik, esaka ari bide zaio Espainiako gobernuari, egiteko premiatsua duela Eivissako ur-zikinen tratamendua gaurkotzen eta hobetzen… Gainera, bandera pre-konstituzionala bistaratu dugu balkoiren batean zabal-zabal; gainera, “Caídos por Dios y por la Patria” zerrenda ikusi dugu Dalt Vilako elizan, denen bista-bistan…

Ederra ona dela, bistan da. Baina eder-on (guzti)ek beren baitan badute egia mingarririk. Hemen gurean, Gipuzkoan, neguak zital tratatu gaitu: marka guztiak hautsi dituzte aurtengo otsail-martxoko euri etengabeek… Bada, han, Eivissan, errukarri dabiltza nekazariak: lehorte latza izan dute aurtengo neguan eta orain ureztatu ezin ezer. Fruitu arbolak nolabait mantendu dira, baina baratzerik ez dago apenas: hurrengo neguko uren zain jarriak daude dagoeneko, aurten ezin dutela-eta lur lehor errean ezer sartu. Atera kontuak… Egia da. Eta egia, sarritan, ez da eder-ona.

Bizargorri, 2015-04-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930