>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

IRUNDIK DONOSTIARAINOKOA

Patu gaiztoa sartua da aspalditxo gure herrietan; korapilo trakets franko bada zenbait etxetan. Langabezia, ongi nahia eta ezina, ezinkizun berria… Gipuzkoan, ehun lanerako moduko lagunetatik, hamabost lanik gabe dago Bidasoan; hamahiru, Tolosaldean; hamaika, Goierrin. Gutxi gorabehera. Espainian behera eginda, berriz, areagotu egiten da larria: Cadizen-eta, kasu, biztanle sasoikoen erdia lanik gabe omen dabil. Jende-ilara luzeak daude nonahi lan eske. Ez da broma…

Hala eta ere, poetak zioen moduan: «dibersioz nai nuke, nik eman denbora; inor ofendi gabe, pasarikan broma». Izan ere, gertaera xelebrea kontatzera nator gaurkoan, mutil nafar Irunen bizi den bati tokatu berri zaiona. Zorrak eta jan beharrak asko eragiten baitu, azkenean, derrigorrean, zertxobaiten bila, ezertarako balio ez duenik ez dela-eta, San Migel auzoko INEM erakundera presentatu zen, lan galduren baten eskean; esperantza hotz eta motz, egia esaten hasita.

Bere txanda noiz helduko zain zegoela, hormako ohol batetik zintzilik, lan-eskaintza bat bistaratu zuen, deigarria: «Asistente para ginecólogo», herriko bertako ginekologoren baten batentzat laguntzaile bila zebiltzala, alegia, agidanean. Jakin-mina egin zitzaion bat-batean, ahoa kana-erdi irekita, demontretan… Aldeak oro jorik, pentsatzen jarri zen mutila, ofizioa ez bazen esperientzia, eta esperientzia ez bazen estudioak sikiera eskatuko zizkiotela noski, berak ez zeuzkanak; euskaraz bazekien, baina aintzat hartuko ziotela, porlos!, halako lanerako…

Hartan, deitu egin zioten hirugarren mahaira. Bere txanda zen. Mahai aurreko aulkian eseri eta zuzen hasi zitzaion funtzionarioari galdean, ea hormako oholeko enplegu haren xehetasun gehiago emango al zizkion, mesedez, interesaturik agian egon zitekeela eta. Enplegatuak orduan paper mordo bat baztertu eta karpeta berri bat ireki zuen, zerbaiten bila, hitz eta mitz egiten zuen bitartean:

—Badakizu gaurgero, erizain eskasia handia dagoela hala Espainian nola euskal herrietan ere: mila biztanleko, bost erizain besterik ez da hemen. Europan, aldiz, badira zortzi eta hamar ere, alajainkoa. Beraz… Hara! Hementxe dut bila nenbilena… Beraz, ginekologoek laguntzaileak behar dituzte, gehienetan bakarrik ezin dute eta. Egin beharreko lana honako hau da… Leitu egingo dizut, horra, bera izango da onena: «Ginekologoak azter ditzan baino lehen, aldian aldiko damak prestatu egin behar dira taxuz. Biluzten lagundu behar zaie xeraz, azpiak eta gainak garbitu behar zaizkie txukun; aparrak eman, pubiseko ileak moztu, iztarteak olioztatu, titi-sagarrak igurtzi… Guztia ere atentzio handiz, ezti eta gozo… Hasteko, mila euroko soldata eskaintzen da, alde-alde». Horixe da dena. Interesatzen bazaizu, Donostiaraino joan behar duzu.

—Donostiaraino, diozu!? –gure mutilak, hortzak izerdi eta begiak harri bi, lana berealdiko festa ere izango zuelakoan–. Donostian edo hemen lan egin, igualtsu dit.

—Ez, ez –funtzionarioak, irriño batekin–. Lana hemen bertan da, Irunen. Baina Donostiarainoko jende-ilara dago dagoeneko, Lezoko Santo Kristotik bueltan, enplegu-eskabidea entregatzeko prest, esperoan. Berandu zabiltza, ferra-hotsean joan da ere!

Bizargorri, 2015-05-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


mayo 2015
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031