>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HIRU AIZKORA ETA SENAR BAT

Etxekoandre heldu bat behin, beste askotan bezala, sukalderako zotz bila zebilen erreka bazterrean. Zuhaitz adar bat ebakitzen ari zela, kolpea oker jo, aizkora eskutatik libratu eta uretara erori zitzaion, putzurik sakonenera. «Otoi, hel zakizkit!» egin zuen erregu. Eta Jaun Goikoa agertu zitzaion: «Zer duzu, emakumea, negarrez!?».

Aizkora errekara erori omen zitzaiola, bada, emakumeak… Jaun Goikoa errekara sartu istanteko, urrezko aizkora bat atera hondotik eta ea hura ote zen bere aizkora, galdetu zion. Ezetz, etxekoandreak, hura ez zela berea. Berriz ere Jaun Goikoa uretan barrena sartu, zilarrezko aizkora bat atera eta ea hura ote zen, bada, bere lanabes galdua. Eta ezetz, berriro, emaztekiak, egiaz eta zintzoki.

Hirugarrenez uretara sarturik, zurezko eta burdinazko aizkora atera zuen Jaun Goikoak lehorrera. «Hau al da zure aizkora?». Eta: «Bai, hauxe da –emakumeak–: Eskerrik asko». Ez-ustea adinako poza eman zion andrearen zintzotasunak. Halako maneraz bai, non atzera etxera bueltan hiru aizkorarekin bidali baitzuen, bere arruntaz gain, urrezkoa eta zilarrezkoa erregaloan eskainita.

Beste behin, paseoan zebiltzan senar-emazteak biak, zozoen gozoan, lehengoxe erreka bazter gain beretik… Momentu batean, gizona deskuidatu, estropezu egin eta, plaust!, zerraldo erori zen hondorik handieneko erreka zulora. Andre atsekabetuak, igerian ez zekienez, erreguka ekin zion Jaun Goikoari: «Otoi, hel zakizkit!». Eta bai agertu ere agudo: «Emakumea, berriz ere zu!? Zer ari zara negarrez…?».

Senarra erreka zulora erori eta ito egin omen zitzaiola, bada, tamalaren tamalez. Arin bai arin, xixt!, murgildu zen uretan Jaun Goikoa. Iletatik helduta, Brad Pitt atera zuen arrastaka erreka bazterrera, ea hura ote zuen bere senarra galdua, galdezka. «Bai, bai! –etxekoandreak–. Horixe da nire senarra!». Asko haserretu zitzaion orduan Jaun Goikoa eta: «Gezurtia halakoa! Gezurretan harrapatu zaitut oraingoan». Berehalakoan, baina, bere burua garbituz, argibide sendoak erakutsi zizkion andreak:

«Ene Jaun Goikoa, inolako moduz! Berorrek barka beza, baina oker ulertua izan du, inondik ere. Berorrek gizaseme hori urpetik ekarri didanean, baldin esan izan banio ezetz, ez zela hori nirea, orduan, seguruenera, Mel Gibson berbera aterako zidakeen; eta berriro esan izan banio ezetz, hura ere ez zela, orduan Berorrek nire senar benetakoa ekarriko zidakeen noski, hirugarrenean… Eta, behin gauzak horrela, nik baietz, hura zela nirea!, esandakoan, aizkorarekin bezala, etxera hiru senarrekin nindukeen Berorrek bidaliko; hiru gizonekin, alegia. Ni, ordea, etxekoandre apal xume umila izaki, ezin bizi naiteke trigamian lasai… Horregatik, ez beste ezergatik, esan diot lehenbizikotik baietz. Zin-zinez diot».

Begiak harri bi utzita, zer esanik ez Jaun Goikoak. Etxekoandre helduaren azalpena onartu ez ezik bedeinkatu ere egin zuen, hortaz, ezin bestean… Esaten dute, emakumeek hain ondo dutela zinezten, ezen Jainkoak Berak ere diela sinesten. Egia, baina, bestelakoa izan liteke: emakumeak bizkorrago direla heltzen, eta helduarena da inola demonio aldatu ezin denarekin bizitzeko artea. Bueno, tira, erdi eta erdi, akaso.

Bizargorri, 2015-06-10

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2015
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930