>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZER GERTATZEN ZAIO…?

Aste egun arrunta. Eguerdiko hamabietarako minutu gutxiren koska falta. Eguraldi ederra Donostian. Bulebarreko arbolapean, elkarren arrimuan aulki luze baten jiran, hamaika pertsona behartsu, arlote, zarpail jantzi. Haiekin batera, bi boluntario begirale laguntzaile, eta zakurra. Mundua mundu denetik izan bide dira, eta gerora ere izango dira, noski, hala-moduzko bilera eta ibilera begi-mingarriak. Elkartasuna delako jende ahularen indarra.

Gaua bakoitzak nahi edo ahal duen zoko bazterrean igaro ondoren, gosariaren aitzakian, babes-etxe batera biltzen dira eskale behartsu gizajoak. Handik gero boluntario laguntzaileek konpainia egiten diete hirian zehar, batetik bestera. Maiz egon ohi dira goiz edo arratsalde pasa Bulebarrean, elkarren aldamenean nolabait kontsolatzen-edo, etsian jarriak kontent, gaitz orok omen du-eta bere gaitzagoa.

Hamaika ziren eguerdi hartan. Ia denetarik bazen beren artean, adin askotako: gipuzkoar eta siziliar bana, txekiar eta andaluziar bina, gaztelarrak hiru; beste biak, berriz, auskalo nongoak. Izenak hemen ematen hasteak ez du deus balio, bai baina egoera kafkiano haren argazkia egiteak. Ai, Federico Fellinik harrapatu izan balu irudia…! Bulebarrean, arbolapeko itzal hautsietan, aulki baten bueltan, motxila zikinak lurrean, gurditxo bat traste zaharrez betea, ardo-kartoi mordoa han-hemen (beteak artean batzuk, hutsik besteak jada); eta zakurra, buztana noiz tente noiz makur, umilik.

Gizonetako batek belarri erdia falta zuen, baten batek mendekuz moztua; beste bat lurrean etzanda zegoen, hanka bat izterretik oinera igeltsatuta; beste bat, haren ondoan, lerdea zeriola, beso bat hila geldi-geldi zuela eta beste besoa, aldiz, geldi mantendu ezinik, haizeari joka… Laugarrena, aurpegi desitxuratuarekin, plastikozko poltsan ura hartu eta toluenoa esnifa eta esnifa… Bosgarrenak begia ubeldua zeukan, sudurra ebakia. Seigarrenari, eskuin eskuak ez zion ezertarako balio jaio zenetik… Hau, tarteka, Juan Tenoriorena errezitatzen  hasten zen handiro: «Llamé al cielo, no me oyó; y pues sus puertas me cierra, de mis pasos en la tierra responda el cielo, no yo».

Mutil hori-hori bat bazen (aurpegi, soin eta begietako zuria ere hori!), ikteriziak jota, ospitalen batetik ihesi taldera etorria… Baita tipo zurrutero amorratu bat ere, egunero bederatzi ardo-kartoi husten zituena gutxienez, ardoa baino mozkorrago beti, kopetatik orpora guztia mailatuta (zutik ibili ezin eta erori, aulkian lotarako etzan eta erori)… Gizonetan azkena, berriz, goitik beheraino pixa eginda zebilen batetik bestera… Baziren bi andre ere. Bata, toxikomanoa, dena hezur eta azal, dena begi-zulo, aurpegi guztia percing-ez josia. Bestea, utzia zeharo eta narrasa, galtzak ia belaunetara erorita, azpiko atze-aurreak bistan samar zituela… Eta Tronko izeneko zakurra: belarri bat esparatrapuz bildua zeraman, beste zakurren batek egindako hozkadagatik.

Imajina eszena: Bulebarra, aulkia, gurditxoa, motxilak, ardo-kartoiak, lerde jarioa, percingak, hanka hautsia, sudur-belarri ebakiak, esnifatzailea, beso-hila, goi eta behe mailatua, ikterizia, ipurdia bistan, begi ubeldua… Hartan, Bretxa aldera zihoala, gizon txiki bat gelditu zen eszena arraro haren aurrean. Interesaturik, nonbait, taldeko boluntariotako batengana hurbilduta, galdetu zion: «Zer gertatzen zaio… txakurrari?».

Bizargorri, 2015-07-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031