>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BETOR PAKEA

JUAN BASURKOREN LAU BERTSO

BETOR PAKEA

                Orain denbora asko ez dela (Josefa Setien anderearen eskutik), Juan Basurko Ansola (Hondarribia, 1890; Irun, 1957) euskal idazle izan zenaren lau bertso zahar eder iritsi zaizkit. Haren eskuizkribu baten fotokopia da, letra txukun dotore argiz idatzia, «Betor Pakea» goiburu edo titulua duela. Data Ilbeltza 1947 dakar, eta sinadura Juan Basurko.

Tituluaren ondoan, honako ohartxo hau ageri da: «Orain amar urte Bidasoz aruntz idatziak». Esan nahi baitu, 1937an sortuak direla eta, bistan da, erbestean, Iparraldean. Gainera, sinaduraren alboan, eske edo ahalegin edo dena delako hauxe dator: «Esta Poesía se publicaría? en el “Semanario El Bidasoa”». Badirudi ez zela publikatu. Beraz, hau izan liteke, onean, lan eder aspaldiko haren lehen argitaratzea.

 

1º Guda gogorran, mendean daude      3º Arreba bat det, Irun-en, eta,

  Gure lur maitagarriyak,                          Bestea dago Baionan,

 Ta, zenbat gera, Bidasoz onuntz          Illoba batzuk, Fraintziyan ditut,

Gudan iges etorriyak,                                 Beste asko Kataluñan,

Bizi geranak naigabeturik                       Seme maitea, nigandik berex,

Malkoz beteta begiyak,                              Emen bizi da, Urruñan,

Ikusirikan, zer zori txarrak                   Zenbat orlako naigabe da gaur

Dituan gure Erriyak.                                   Zori gaitzeko Españan.

 

2º Yaunari eskerrak, Bidasoz onuntz     4º Denok lenbait-len, alkartu gaiten    

Emen bizi naiz pakean,                                Yaunari diot eskatzen,

Urruña-polit, ondoan dagon                    Zeru goitikan, lagun dezala

Basarri txuri batean,                                    Gudu gogor au bukatzen,

Nere arreba maite etatik                            Gizonak noizbait, ikas dezagun

Leku berex-apartean…                                Alkar goxoki maitatzen,

Onela bizi bearko degu                                 Zitalkeriak oinperatuta,

Yaunak nai duan artean.                            Pakean bizi gaitezen.

 

 

Horra hor, hortaz, Juan Basurko hondarribiarraren lau bertso sentimenduz beteak. Eskuizkribuan datozen bezalaxe idatz-aldatu ditut nik hona. Maiuskulak, komak, azpimarrak, ortografia…, hitzez hitz eta letraz letra, dena Basurkok berak utzi zigun gisa berean erakutsi nahi izan dizut; lege-legera.

Bere buruarekin blagan, lurra eta herria eta guda eta familia dauzka mintzagai, etxetar maiteak batetik, zoritxar zitalak bestetik… Ez zen, ez, atsegin izango 37ko hartan, Bidasoaren bi aldeetan, gudatea tokatu zitzaien gure aurreko errukarri haientzat. Gerra. Haren latza!

Gure Basurko zenaren lau bertsook argia ikusi dute azkenik, bederen, non?, eta haren jaioterriko HONDARRIBIA aldizkarian. Baleki! Zorionean gaude, beraz, gu; eta zorionean daude haren familiakoak ere, baldinbetan. Zortziko nagusi arruntak dituzu, doinu askotan kantatzeko modukoak. Doinu bat aholkatzekotan, «Haizea dator iparraldetik» aholkatuko nizuke, apropos.

Jesus Mari Mendizabal Iraola, BIZARGORRI, 2015

 

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


julio 2015
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
2728293031