>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ANTZINAKO IPURDI BATZUEN INPORTANTZIA

Bidaia listatzen ari omen dira Martera, planeta gorrira. Tartean ba omen dabil donostiar bat ere, agidanean… Baina, inor gutxik jakin du orain gutxi arte, gaur egungo martxarik modernoak ere iragan zaharreko jokaerak markatu eta baldintzatu dituela. Espazio-transbordadore bat lantzamendu dorrean bistaratzen dugunean, espaziontziari, ezker-eskuin atxikita, bi erregai depositu bultzagarri ikusten zaizkio.

Depositu handiok Utah-n egiten ditu Thiokol enpresak. Ingeniariek handiagoak egin nahiko lituzkete, bultzada-indarra areagotzeko, joanaldia luzeagotzeko; baina deposituok trenez garraiatu behar izaten dira lantzamendu tokiraino. Eta hor dago koxka. Zeren fabrikatik Cabo Cañaveral-era doan trenak Mendi Harritsuak (Rocky Mountains) tunel baten barrena gurutzatzen ditu, eta lurpeko trenbide-zulo horrek ez du ematen tamaina handiagoko depositurik pasatzeko.

Baina zergatik tunel hura izan zen egina neurri halakoetan? Tunelaren zabalerak zer ikusi zuzena daukalako trenaren beraren zabaleroarekin; eta trenak, berriz, zer ikusi zuzen-zuzena, errailen arteko zabalarekin. Estatu Batuetan  4 oin eta 8,5 hazbetekoa da (1,4 metrokoa) errailetik errailerako distantzia estandarra. Gainera, burdinbide ipar-amerikarrak britaniarren pare-parekoak dira, ingeniari ingelesak ipini zituzten-eta halako lanaren jabe; eta hauek begi-ninietan zeukaten parekoak egitea, hartara, noski, lokomotor ingelesak hantxe ere erabili ahal izango zituztelako.

Eta zergatik eratu zituzten ingelesek modu horretan? Lehen-lehendabiziko trenbideak hirietako tranbiak egin zituzten ingeniari berberek egin zituztelako, ordura arteko betiko neurritan, ohitura zaharrean. Baina, eta zergatik neurri horietan prezixo? Tranbia-egileak aurretik gurdiak eta karroak egiten ibiliak zirelako; eta, dudarik gabe, tratamendu eta lanabes berberak ere erabili izan zituztelako.

Zergatik, ordea, gurdiek-eta behar zuten estandar hori? Europa osoko bideetan gurpil markak eginak zeudelako, ondo markatuak jadanik; beraz, bestelako neurritan eginenean, karroen ardatzak hautsi egingo ziratekeelako. Bistan da. Eta zergatik ote zeukaten bide guztietan tarte iguala gurpil markek? Bideak erromatarren garaikoak zirelako, eta, jende haien alditan, legioen joan-etorrietarako eginak zeudelako.

Baina zer dela-eta hautatu ote zuten erromatarrek neurri hori? Eta hemen dator errematea. Zergatik? Bada, hauxe da arrazoia. Erromatarren karroak bi zaldik tiratzen zituzten. Zaldiek, jakina, bata bestearen ondoan lauhazkan, nolabaiteko tarteunea beharrezkoa zuten, elkarri trabarik egin ezean. Karroaren oreka mejoratzearren, gurpilak ezin etorri ziren zaldien hanka-arrastoen pareko; eta, aldi berean, ezin egon ziren ere elkarrengandik oso aparte, bi karro bidean gurutzatzean elkar ez jotzeko.

Burdinbide amerikarren errailen arteko tartea (1,4 m.) antzinatik baldintzatua dator, hortaz. Zergatik? Bi mila eta berrehun bat urte lehenago, beste kontinente batean, erromatarren karroak zaldien ipurdien zabalaren arabera egin zirelako. Harrapa ezak hori buztanetik! Munduko inoizko garraiobiderik modernoena, espazio-transbordadorea, mugatua dago… zaldien ipurdien zabaleroaren kausaz!

Bizargorri, 2015-08-26

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


agosto 2015
MTWTFSS
     12
3456789
10111213141516
17181920212223
24252627282930
31