>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

MALALETXEA

Malaletxea suelto dabil, Bilbotik Maulera eta Madrildik Parisera, esnearen prezioaren kontura. Arrazoi handiz. Esne-ekoizleek ezin diote beren lanbideari eutsi, kosteen azpitik ordaintzen diete-eta litro esnea. Barra-barra aipatzen da egunotan. Ez pentsa, ordea, atzo goizeko kontua denik. Orain ehun urte igual-igual zebiltzan Hondarribian ere, malaletxean, baserritarrak alde batetik, esne-saltzaileak bestetik.

Alkizenea baserrian, 1917ko urtarrileko egun batean, igandearekin, berrogeita hamar bat baserritar esne-behi jabek bilera inportantea egin zuten. Guztien buru herriko kofradien presidentea jarri zen, bertako asko bezala pipatik erretzen, garai hartan jendea euliak esnetara baino etzanago baitzegoen pipa hartzera. Atera kontuak: mandioan, hainbeste lagun pipa eta pipa ariki, izango zen euliak uxatzeko adina ke…

Harira. Denak ere dios eta kristoka hasteko prest, txantxa gutxi zen han. Presidentea mintzatu zen lehenbizi. Esnearekin ez omen zutela atarramendu onik ateratzen eta baserritarren interesak bildu beharra omen zegoela derrigor; litro esnea inork ez omen lukeela saldu behar erreal baten azpitik (pezetaren 25 zentimoz beheti); zin-hitza eman behar omen zela han; eta norbaitek hauts baleza zin hori, kofradiatik “arrut!” bidaliko omen zutela madarikatua… Jendea ados zen. Hala ere, batek ahots lodi sendoz proposatu zuen, badaezpada, marka zedila mandio erdian marra bat eta esne prezio minimo harekin konforme zeudenak irago zitezela alde batera, eta gainerakoak bestera. Halaxe egin zen. Den-denak ados. Hantxe bertan eman zuten zin-hitza, erreala baino merkeago ez zela herrian litro bat esne salduko, alajainkoa!

Handik bi egunetara doi-doi, Portuko dendetako batean sekulako mokokaldia piztu zen hasteko, eta egundalako iskanbila sutu gero. Dendari zegoen emakumeari haserre bizian etorri zitzaion herriko dama erronkoso ezagun bat (esne-saltzaile hura ere), kristorenak eta bi esanez: «Atzo bertan esan hunan hik, hire tipula-buru horrekin, igandeko bileran erabakitako prezioz beheti esnea saldu baino lehen, nahiago hukeela kalean arrastaka eramana izatea. Esan bai hik, hitz ustel horrek! Gaur nire aspaldiko bezero bat galdu berri dinat, hik hire esnea 20 zentimotan eskaini omen dion-eta!».

Ez zen dendaria ere mutua eta: «Hago isilik hi, arroselen begi horiekin! Hago isilik, emango dinat-eta bestela olio-ontzi honekin kopetan! Zer kontu eskatu behar didan hik niri, pattar-jario horrek? Heu hago hemen santurik santuena, egunero bihurtzen dun-eta esnea bera ere kristau, ur-txufarraz bataiatuz…!». Hartan, hara non sartzen den dendara Kontxexi. Dama bisitari haserreak laster asko ipini zuen auzian juez: «Zer dion hik, aizan, Alkizenean erabakitako prezioetan baino merkeago esnea herrian saltzeari buruz?». Eta Kontxexik: «Norberak jakiten din zer komeni zaion…».

Hango malaletxea eta eskandalua! Txaldana, oilobustia, ilupa arraioa, infernuko deabruaren ipurditik ateratako kristaua…! Batek jo eta bultza, besteak tximetatik tira, besteak hanka-zainetan ostikoa… Gauza da jendea bildu zela dendara eta udaltzain batek egin zituela nolabait hango bakeak. Gauza da atzenean bata gelditu zela ile mototsik gabe, bestea betiko bezerorik gabe eta esnearen prezioarena… lehen bezalaxe. Hala kontatu zuen, bederen, Martin Mullo batek Ecos del Jaizkibel aldizkari zaharrean.

Bizargorri, 2015-09-09

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2015
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
282930