>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZILARREZKO KUTXAREARENA

Iker pisu koxkor batean bizi zen, Mirenekin batera, Gasteizen, biak ere estudioak ikastera joanda; Gernikatik neska eta Hondarribiatik mutila. Bien familiak zoriontsu bizi ziren, etxeko zoriontasuna horixe omen delako: senitartea bat egina, norberagatik biziki arduratua, baina familia eta norbera hiri diferenteetan bizi-ta… Ikerren etxekoentzat Miren ez zen pisu-kidea besterik, gastu-laguna; eta bien artean ez zegoen, noski, beste inolako harremanik. Inortxok ere ezin frogatu zuen, behintzat, elkar-bizitza arruntetik aparte, ezer.

Behin, azterketa garai estua tokatu zitzaien batean, ikasi egin behar eta bakoitzak bere etxera joaterik ez, Ikerrek bere ama gonbidatu zuen, asteburuan pisura etor zedin bisita egitera, nola bizi ziren biak bertatik bertara ikustera. (Bidenabar, jakina, baita etxea jasotzera eta jatenak prantatzera ere; baina esan gabe doa hori). Eta han etorri zitzaien Ikerren ama Arabako kapitalera, beintizinko baino dotoreago.

Hala larunbateko afarian nola igandeko bazkarian ere, ezin begirik gainetik kendu izan zien ama eskarmentatuak gazte bien keinu, begirada, hizketa-modu eta abarrei. Eta ikusi zuen, ikusi, txoritan zeudela bi-biak zozoen elean egunez, eta ahuntzaren lorean, berriz, lelotuta gauez. Batez ere, ordea, Mirenen edertasunak eman zion atentzioa, atentzioa eman zionez! Lehendik ere bazeukan biak ezkutuko harremanetan zebiltzalako susmoa, baina gazte parearen elkarrekiko zera ikusita (semearen xaloa eta neskaren txera), areagotu egin zitzaion susmoa, baldinbaitere.

Eta igande arratsaldean, despedidakoan, argi eta garbi adierazi zien: «Ni ez nauzue engainatuko; zuek ez zaudete hemen ikasteko bakarrik; zuen artean bada beste zerbait gehiago; sineste osoan nago». Eta semeak: «Ezetz ba, ama, ezetz! Errezelotan ibili beharrik ez duzu, ez duzu zertan kezkan egonik: gu biok hemen pisu-kide gaude, eta kito. Ez dago besterik ezer, ama; zoaz lasai…».

Handik bospasei egunetara, Mirenek esan zion Ikerri ezen, ama bisitari izan zutenetik, zilar-zalia falta zela etxetik; zopa zerbitzatzeko zilarrezko kutxare handia, alegia. Ikerrek erantzun zion ezen, bere ama ezagututa, asko harritzen zitzaiola amak zilar-zalia hartu eta eramatea. Nolanahi ere, badaezpada, jakinaren gainean ipiniko zuela, whatsapp-ez ezean e-postaz, lehenbailehen.

Esan eta egin: ordenagailua piztu eta: «Amatxo maitea. Ez dut esaten saltsak-eta zerbitzatzeko gure zilar-zalia zuk hemendik eraman zenuenik; baina ez dut esaten gure zilarrezko kutxare handi hura eraman ez zenuenik ere… Izan ere, gauza da desagertu egin dela, noiztik?, eta zu gurera bisitan etorri zinenetik, hain xuxen. Kasualitatea? Ez dakit ba… Bihotz-bihotzez. Iker».

Berehala jaso zuen amaren erantzuna: «Ene semetxo laztana. Nik ez dut esaten Mirenekin harreman sexualak dituzunik; baina ez dut esaten ez dituzuenik ere… Izan ere, gauza da Mirenek egunotan bere ohean lo egin izan balu, honezkero noski aurkiturik izango zuela zilarrezko kutxare handia, zeina neuk, hain xuxen, utzi bainuen haren oheko izaren artean. Kasualitatea? Badakit ezetz. Bihotzez. Amatxo».

Bizargorri, 2015-07-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


octubre 2015
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031