>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ELE EGITETIK HELEGITERA

Hedabide guztiek, hitz eta pitz, hots eta pots, kamera eta ganbera, Kataluniak Estatuarekin (eta aldez bestera) aspalditik dakarren gatazka luze latza besterik ez dute hizpide. Bietako batek hitz egin nahi du, ele egin nahi du, beste gainerakoan: «Leher edo zapart, hil ala bizi, ahalegin hau derrigorrean behar dugu egin!». Besteak, aldiz, nahiago du legea berea baliatu, eta helegitea tramitatu: «Ni nago hemen nagusi; bestela, muturrak hautsi!». Gaia tema bilakatua da dagoeneko. Zer kontatu behar dizut nik, zuk ja ondotxo ez dakizunik…? Utik. Ipuin bat dakart. Ea ezeren antzeko antzik hartzen diozun, gauza guztiek dutelako mundu honetan esplikazioren bat. Konparazioak, libre. Ez nahi eta nahi ez ere, ez delako behar-beharrezkoa.

Andrea etxera lanetik ohi baino lehenago itzuli, eta neska katxarro batekin harrapatu zuen senarra, bien eguneroko ohean, larrutan, elkar mantzangatzen… Amorrualdiak jota, sekulakoak eta bi jaulki zizkion, inon diren beltzenak esanez: «Hitz-ustel nazkagarri, putakume madarikatu, azeri zuri bilaua!!! Nolatan kristo egiten didazu niri alukeria hau, zure seme-alaben ama naizenari, zure emazte zintzo nabilenari!? Nolatan, baina, ene, bada…! Dibortzioa nahi dut derrepente».

Senarrak, berriz, arren eta arrenka, itxoiteko pixka bat; horren txarrean ere ez hartzeko, mesedez; lasai zedila, faborez, egoera harrigarri hark ba omen zeukala-eta esplikaziorik; zin egiten zuela, den-dena argi eta garbi emango ziola aditzera hantxe bertan… Emazteak, artean sutan, ezer esan behar bazion, esateko agudo, eta kito; alfer-alferrik ari zela; txoriak hontza bezala erabilia sentitzen zela; eta: «Gero duk bihar!». Hala eta guztiz ere, gizonak kontatu egin zuen bere historia:

—Hara zer gertatu den, laztana. Etxera nentorrela, auto-stop egiten ikusi dut neska hau. Jaso egin dut, ezpal bat egina, zikin-zarpail jantzia. Hizketan hasi gara. Hiru egun omen zeramatzan deus jan gabe. Errukitu eta etxera ekarri dut. Atzoko makarroiak, gizendu egiten omen dutela-eta, zuk probatu ere ez zenituenak, jarri dizkiot. Goseak atera ditu, zurru eta purru! Ondoren, bainatzeko esan diot. Bitartean, arropak zirtzilduta zeuzkanez, zaborretara bota eta berriagoak paratu dizkiot. Galtza bakeroak, mokor-zabalak egiten omen zaizkizula-eta, aspaldian janzten ez dituzunak; blusa, ezkontza urteurrenean erregalatu nizuna, arropak erosten txarra omen naizela-eta, erabiltzen ez duzuna; jertsea, gure arrebak Gabonetan oparitu zizuna, ordain-zigorrez ipintzen ez duzuna; oinetako finak, luxuzko zapaterian zeuk erosiak, zure lagun batek igualak omen dituela-eta, dagoeneko behin ere erabiltzen ez dituzunak… Eta bazihoan pozik neska, dotore, bapo. Atariko atera lagundu diot. Jiratu da eta, esker onean bezain negar minean, malkoa dariola, galdetu dit: «Ez duzu, bada, zure andreak jadanik erabiltzen ez duen beste zeratxoren bat izango, ala…!?». Horixe izan da dena.

Hahor nire gaurko ipuina. Horra, ele egitetik helegitera bidea; hitz egitetik, haserrera. Behin honetara ezkero, Shakespeare harena izan daiteke ipuin-ondo ona: «Bitartean, zintzo hartzeko berdin / badut pozoi latzik kutsuon aurka; / deus ez dut nik joko mingots, ez samin / bikoitz, gaitzez badu gaitzak botika. / Kupit nitaz, eta ziur zaudeke: erruki huts horrek osa nazake». Ulertzen? Gaitzez badu gaitzak botika…, osa nazake… Ezetz? Ezta neuk ere asko. Denak omen du, ordea, esplikazioren bat hemen… Zoaz bila.

Bizargorri, 2015-11-11

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


noviembre 2015
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
30