>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HERRIKO ETXEKO HAURRA

Azaroko azken asteburua zen, gau ilun hotzeko goizaldea… Kaleetan ohiko jira egin ondoren, udaltzain mutil bi Herriko Etxera erretiratu ziren, bazter guztiak bakean utzita… Udaletxeko atarira orduko, ordea, miraz gelditu ziren, begi biak harri bi eta ahoa hortz bete, horma kontrako lurzoru zokoan zer!?, eta haur jaio berri bat aurkitu zutenean, zapietan txukun bildua, negar ala lo, zer egin ez zekiela umegorri gaixoak, eguzkia baino ederragoko haurrak… Azaroaren azkenean, arazoa atzenean.

Epelik zen artean umea. Halere, epelagora eraman zuten agudo udal-mutilek, barruko babesera. Behin han, lan horretan ikasi gabeak izaki, bulegoko zaintza-postuan zegoen damari eskatu zioten lehen laguntza: axaletik aztertu, pittin bat garbitu, eztiro goxatu zuten hirurek; baita, tititik ezinean, tututik eman ere… Laster argitu zuen eguna, astelehena, eta herriko sekretario jaunari hots egin zioten; zer egin, nola jokatu, nondik atarramentu onik atera jakitearren, bada… Presazko egitekoa.

Asteazkenean atera zuen idazkari jaunak ohar-dei bat argitara (lan handiak izan zituen, izan ere, lan handiak koanto: kasuaren kausak hausnartu, testua zehaztu, okerrak zuzendu, paperera inprimatu, fotokopiatu, partitu…). Ostiral eguerdian jaso zuten eskutara batzorde bereziko interesatuek larrialdiko abisua, presazko egitekoa. Folioaren goenean, erdi-erdian, herriko armarria ageri zen: «(…)ko udala. Hiri arrunt prestu, txit leial, arras adoretsu eta beti ere hagitz zintzoa». Eta haren azpian, hauxe:

«Idazkariak, I.I.B.B.etako kideentzat, presazko premiaz. Eguna: 2015eko azaroaren 30ean; ordua: goizeko 06:30etan; lekua: udaletxean; gertakuntza: sekula eztakoa. Haur jaio berri bat Herriko Etxeko atarian aurkitu izana adierazten da, haur auskalo nondik norakoa. Ikerketa batzorde propio bat antola ezazue honako puntuok banan banan hartuta, serioski aztertu eta zorrozki ebazteko: A) Haur aurkitua udaletxe honetako bertako produktu edo sorkunde ote da?. B) Gure udaletxeko funtzionarioren bat edota beste ote dago, bada, kontu honetan nahasia…?. Sinadura: Idazkariak».

Handik hilabetera doi, Urte Zahar bezperan alegia, honako erabaki edo ebazpena eman zuen aditzera herriko jakintsu taldeak: «Ikerketa Batzordeetako kideok, Idazkariari, agur. Lau aste luze aztertzen-ikertzen-hizkatzen aritu ondoren, komisio hau ondorio bat eta bakarrera iritsi da aho batez: haur aurkitua ezin inola izan liteke udaletxe honetako produktu edo sorkunde. Zergatik? Hara, bada: A) Hemen behin ere ez da ezer egiten maitasunez eta plazerez. B) Etxe honetan behin ere bi lagun ez dira mami eta hezur elkarlanean aritu izan, ezeren sorkuntza atsegin onerako. C) Hemen egiten den deusek ez du ez hankarik eta ez bururik. D) Hemengo gure artxiboetan ezer ere ez da ageri, bederatzi hilabetean soilik prest eta gauza egon denik. Sinadura: Ikertzaile Batzordeetako Komisioak».

Eta konklusio gisa, dokumentuaren behe-behean, honako hau zekarren: «Oharra: Ikerketa-prozesu guztiaren dokumentazio osoa herritarren eskura dago Herriko Etxeko idazkaritzan, nahi duenarentzat. Dokumentaziorik nahi ez duenak, berriz, bertara etorri eta ikusi besterik ez du: haurra hemen? Nondik…!?».

Bizargorri, 2015-12-02

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2015
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031