>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

HISTORIA, BIBLIAREN ARABERA

Hau omen da munduaren kreazio eta eboluzioaren historia, whatsappeko biblia modernoaren arabera… Hasieran Jainkoak zeru-lurrak egin zituen. Eta lurra azalorez, borrajaz, porruz, letxugaz, ziazerbaz, azaz eta denetariko barazkiz bete zuen, andre- gizonak elika zitezen, bizimodu osasuntsua izan zezaten. Eta ikusi zuen ona zela.

Eta Satanas etsai makurrak McDonald’s sortu zuen; eta MacDonald’sek, Big Mac. Eta Satanasek galdetu zuen: «Patatekin nahi al duzue? Eta Coca Colarekin…?». Eta andrazkoek eta gizonezkoek esan zuten: «Bai; eta tamaina handikoa, gainera!!». Eta andre-gizonak gizendu egin ziren, gizendu kuanto.

Eta Jainkoak esan zuen: «Izan bedi jogurta»… Eta Satanas txerrenak txokolatea sortu zuen… Eta Jainkoak entsaladak asmatu zituen, baita oliba-olioa ere. Eta ikusi zuen ona zela, hala bata nola bestea ere… Eta Satanas bihurriak izozkia asmatu zuen eta pastela eta gurina…

Eta Jainkoak esan zuen: «Eman diet nik, bada, fruitu aski (sagar, mahats, udare, haran, gerezi…); eman diet nik, bada, labore mordoa (gari, arto, zekale, garagar, olo…); eman nik diet, bada, lekale franko ere (babarrun, dilista, barbantzu…). Badu, hortaz, ala gizakiak nola emaztekiak ere nondik zer jan, zer-nondik jan baduenez, alajainkoa!».

Eta Satanas galtzagorri arraioak arrautzak sortu zituen, txorizo, urdai edota hirugiharrarekin. Eta andre-gizonak gizenagotu egin ziren, gizenagotu; eta kolesterol txarra goraka eta goooragoka hasi zitzaien, arraiopola!

Eta Jainkoak kirol-zapatilak sortu zituen, eta hala gizonezkoak nola emakumezkoak ere korrika ibiltzera deliberatu ziren, footing egitera, kilotxo sobrante batzuk galtze aldera, noski.

Eta Satanas barrabasak zer?, eta satelite bidezko telebista asmatu zuen, bere kanal-aldagailu eta guzti… Hori halere aski ez eta, gainera, patata frijituak asmatu zituen deabru halakoak, eta makil-goxoak eta zerri-azal xigortuak eta artale erreak eta zerbezak eta kubata…

Eta andre-gizonei (hori ere marka pasa zitzaien gero) arteria koronarioak itxi zitzaizkien! Eta orduan Jainkoak kateterra asmatu zuen, odol-hodian zunda sartzeko sistema, zirujia kardiobaskularra; baita bihotzen zaintzarako osasun-guneak ipini ere… Eta Satanas demonio halakoak, zer da eta?, Ospitale Pribatuak sortu zituen, hara!

Ordurako jada neka-neka eginda, zerua goian eta lurra behean, eaj!, hala esan zuen Jainkoak: «Zoazte guzti-guztiak popatik hartzera! Hor konpon, Mari eta Anton!». Eta, hori esatearekin batera, PSOE eta PP sortu zituen… Eta Jainkoak esan zuen gero: «Hara, Satanas etsai, demonio, barrabas, galtzagorri, txerren: to!! Ea, deabruaren larruko guztiak bildu eta gainditzen duzuen hori, ea…!».

Eta Satanasek esan zuen:

—Ahal Dugu!

Bizargorri, 2106-02-03

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


febrero 2016
MTWTFSS
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
29