>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ZERUAN BERRI ONAK

Behin bazen atso-agure parea, antzina-gazte bikotea. Laurogeita hamaikana bat urte bazeuzkaten beteak, eta bazeramatzaten hirurogeitaka elkarrekin ezkondurik. Ez ziren, hala esateko, aberatsak; baina ondo bizi ziren beren neurrian, irinetan zuhur eta zahietan ero jokatzen, eta ez kontrara, garaiz ikasi zutelako. Pertsona adintsuak izanagatik, osasuntsu zeuden. Zergatik? Bada, andrea lehiatzen zelako beti ere sano jaten: koipe gutxi, alkoholik ez, baraualdia sarri…; gainera, batean ziri bestean mara, egitekoren batean aldiro, geldian baino ibilian askoz gehiago enplegatzen zirelako.

Egun batean, baina, ibilirik sanoenak ere ez direnez betiko, abioiak lur jo zien derrepente, urrutitik etxera bueltan zetozela. Herio heldu zitzaien; biak seko bertan! Eta zerura joan ziren zuzen. Zain zeukaten San Pedro ateburuan. Berehala, egoitza ikusgarri batera eraman zituen biak. Zer ez zen han, arraiopola! Gelak altzari ederrenez jantziak guztiz, sukaldea tresneria modernoenez hornitua erabat, almazena jaki-edari apetatsuenez mukuru… Aho-bete hortzekin begiratzen zuten apopilo berriek. «Ongi etorri zerura. Dagoenekoxetik, etxe hau zuena da», esan zien San Pedrok. Are gehiago, morroia eta neskamea jarri zien beren nahietarako.

Kapritxo hura guztia ea zenbatxo kostatuko ote zitzaien, galdetu zuen agureak ikaran. Eta: «Deus ere ez. Zintzo portatu zineten lurrean eta hau duzue saria zeruan». Leihotik begira, golf zelai bat eta harizti miragarria bistaratu zituen. «Zenbat balio du horko sozio egiteak?». Eta: «Zeruan berri onak orain eta beti; dena doan eskaintzen zaizue». Handik hurrena, klubeko jatetxera joan ziren eta mahaia bete janari bazen han: txuleta, arrain, odolki, itsaski, urdai, mondeju, pastel, gazta, orotariko edari… «Jesusen izenean! –San Pedrok-. Ez ezazu berriz galdetu: dena da doan hemen».

Gure agureak, marabila hari guztiari begira-begira, sinetsi ezinik, emazteari zeharka urduri begi emanik, hala galdetu zion zeruko atezainari ahopeka: «Eta…, non da hemen elikadura dietetikoa, koiperik gabea, kolesterolik gabea? Non da hemen kafe deskafeinatua? Non arraio, jogurt eta mami esne-gaingabetuak…?». «Ai, enetxoak…! Ez duzue hemen zertan kezkatu beharrik: zernahi jan-edan dezakezue, nahi adina; ez zarete gizenduko, ezta gaixotuko ere sekula. Zeruan zaudetela, Jesus mila bider!».

Aitona zurtua, atsegin beteen atean, ez zen bere larrutan kabitzen… «Eta korrika egitea eta bizikleta geldia eta ejertzizioa, zer? Ez al da derrigorrezkoa?». «Aaa, hori zeuk ikusi…», San Pedrok. «Eta ez al da derrigorrezkoa gatzik gabe, azukrerik gabe jatea? Edan al dezaket ardoa eta garagardoa eta kubata eta txupitoa, gogoak ematen didanean…!?». «Baldinbaitere…! –San Pedrok-. Hemen, jan eta edan, norberak nahi duenean egiten du; nahi duenean nahi duena nahi duenekin. Bai horixe».

Bere egitekoetara abiatu beharra zeukala eta bakarrik utzi zituen zerutar berri biak beren etxe dotore berrian. Agureak atsoari, orduan (zeruan minik ere ez zela izango-eta), atximurkada bat egin zion ipurmasailean, penatxoz esaten ziolarik: «Kontxo-kontxo… Beraz, hortaz, zuregatik izan ez balitz, zure aholkuei kasurik egin ez bagenie, hementxe izango ginatekeen noski gu… orain dela hogei bat urte!!».

Bizargorri, 2016-03-23

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


marzo 2016
MTWTFSS
 123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031