>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

SAGARDOTEGITIK

Bakoitza bere zoroak bizi du. Bada mendirik goienetan edo klaustrorik isilenetan xarmaren eta karmaren bila dabilenik. Hemen gurean, urtarriletik apirilera bederen, sagardotegia da santutegia, ezinbesteko er(r)omeria, derrigorrean bisitatu beharrekoa, astero ez bada bai gutxienez hamabostero, euskaldun sano izanenean.

Hala, behintzat, ohitura lege, joan den ostiralean bertan joan dira hiru lagun (Hondarribiatik bat eta Irunetik bi) bi autoetan, hemen izenik aitatuko ez dugun sagardotegi entzute handikora (asteburu honetantxe Frankfurten “pommes d’or” sari preziatua irabazi duenera, hain xuxen). Hala batzuei nola besteei, ez zaie bizi direnean ahaztuko. Pommes d’or, pommes d’or…; baina, oro ez da urre!

Joan dira, jan dute, edan dute. Behin joanez gero, jan beharra dago bost eta edan beharra hamaika, baldinbetan! Eta behin hori guztia eginez gero, apenas duen festak akaberarik sekula… Hasteko, kafea eta mus partida Hernaniko Ollalumen; hurrena, Astigarragan berriz ere zurrut eta kantu, ohitura lege… Eder-sumak munduko mixeria guztietatik kontsolatzen gaitu unean-unean. Eta gaua ilunagotzen, lanbro zirina, giro…

«Etxera ere abiatuko beharko diagu, ba…!». «Baina, azkeneko tragoa non edo han hartu gabe ez, ala!?». «Irunen, Cipriano Larrañagan, betiko baxter gurean…?». «Bale, konforme; hantxe aurki elkar ikusi arte…». Hondarribiarrak erabaki du (txukunen ibiliak) Gurutzetik zuzen joango dela bera; beste biak, zerrepel samar, autopistatik badaezpada hobe, kontrol gutxiago izaten ohi dela-eta Ertzainena. Eta, ordu txikiak handitzen hasi baino lehen, atera da bakoitza bere bidean Irunerantz…

Handik ez dakit ba nik ordu erdira edo, hondarribiarra iritsi da hitz-hartutako tabernara eta eskatu du gin-tonika. «Total, hemendik etxera joateko…», bere artean eginez. Eta xurrut eta itxoin, itxoin eta xurrut, denbora aurrera eta lagunik agertzen ez… Harik eta, zain samar jarria, bakarrik, aspertu zen arte. (Telefonoa, gezurra badirudi ere, ez daramate guztiek aldean gaur egun oraindik ere).

Eta etxera joan zen. «Hor konpon; auskalo non zer dabiltzan bi fardel horiek!». Behin etxean, ohera sartu eta berehala, hara!, telefonoa hoska. Gaitz orok bai baitu bere gaitzagoa. Hartu eta: «Gabon. Hemen Ertzaina. Zure lagunak gurekin dauzkagu, alkoholemia-proban positibo eman dute-eta, bi-biek. Zure izena eman digute. Beraz, faborez, eskertuko genizuke, jaso eta bakoitza bere etxera eramango bazendu. Irungo Bentasen gaude, halako tokitan…». Hau guzti hau egia da, ni hemen nagoen bezalaxe.

Jantzi, autora berriz sartu eta, tximistak harturik, joan da esandako tokira. Han, ilunetan, argi errainuak diz-diz… Aurkeztu da poliziagana; aurrekalde ona eginez bai, baina begi-larri samar eta, ustez uste gabe, hiztripua eginez tarteka: «Gabbon. Lagunen bila nator. Ondo iruritzen baaazaitzue, eraman diz-dizazket…». Hitz politek salda onik ez, eta ertzain mutilak, ohitura lege, beren furgonetara sartzeko eskatu/agindu zion, aparatuan putz egin zezan… Handik denbora gutxira, taxi batean erretiratu behar izan zuten hirurek etxera. Gero gerokoak, isunak eta abarrak… Etxekalte gauza asko egiten baita, konturatzerako. Eta…, lagun guztiak ez direla, gero, adiskide on, errejudas!

Bizargorri, 2016-04-13

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930