>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ALOS, LASTUR eta SASIOLA

Egunotan hots handiz dabiltza hedabideetan bi idazleren izenak, gizenak: Cervantes Madrilen eta Shakespeare Londresen. Bata pobrea, Migel, betaurreko berriak erosteko ere sosik gabea, konde eta apezpiku jauntxo biren eskupeko bizi izandua urte askoan. Bestea aberatsa, William, egur eta adreiluzko etxandi hamar tximiniakoan bizi izandua, 52 urterekin behin (gehiagotan bezala) bapo jan, bapo edan, bapo erre, eta irten, busti, hoztu eta gaixotu omen zena, handik egunetara hiltzeko (Iparragirre bezala). Egunotan, bestalde, berrogei emakume omendu dituzte Elgetan, gerra zibilean latzak eta bi jasandakoak; emakume baserritarrak, Donostian… Bi idazle atzerriko, hortaz, alde batetik; bertako emakumeak, bestetik; ondo merezita omenduak.

Hemen gurean bertan, alabaina, izan ditugu emakumeak letra-jartzaileak, eta apenas inor inon inoiz gogoratzen den haiekin. Besteak beste, nik gaur hiru nahi ditut hemen aitatu eta goraipatu: Usua Alosekoa, Milia Lasturrekoa eta Maria Estibaliz Sasiolakoa. Hirurak poetak, hirurak emakumeak eta… hirurak debarrak (Lastur, Itziar, Deba, …). Lehenengo biak, Usua eta Milia, XIV-XV. mendeetan bizi izan zirela dirudi. Bi horienak “eresiak” iritsi zaizkigu, hileta kantak. Beilariak izaki, hildakoaren aurrean bertsotan doluak eta minak kontatzen-kantatzen zituzten, antzinako ohitura arau.

Denbora joanean, gauzak ahaztu-errazak bihurtzen zaizkigu denoi ere, paperean apuntatu ezean. Zorionez, bi horienak behintzat herriak memorian gorde izan zituen eta, nondik edo handik, Aloseko Usuarenak Juan Benantzio Arakistain debarrak jaso zituen; Lasturreko Miliarenak, berriz, Esteban Garibai arrasatearrak. (Yon Etxaide handia ahaztu gabe…). Ezaguna da oso, eta ederra: «Zer da andra erdiaren zauria? Sagar errea eta ardo gorria. (…) Azpian lur otza, gañean arria. (…) Lasturrera bear dozu, Milia!». Eta nork ez daki: «Alos-torria, bai, Alos-torria! Alos-torreko zurubi luzia! Alos-torrian negoanian goruetan, bela beltzak kua-kua! leioetan».

Maria Estibaliz Sasiolakoa dakart hirugarrena. Historian hirugarrena, agidanez; baina lehen dama idazle euskalduna historiarako, inondik ere. Oraingoz ezagutzen duguna, behintzat. Haren garaikoak ziren Teresa Avilakoa, Lope de Vega, San Juan de la Cruz, Cervantes, Shakespeare… Baita, nonbait hor, Axular, Bernard Etxepare eta Joanes Leizarraga ere… Badirudi Joan Perez Lazarragakoak jaso eta gorde eta eskuizkribatu zituela Maria Estibalizen hiru poesia amodiozkoak. Honatx lagin bat: «Gogoan, oi, ni banindu! Lagunok baiez diostade, neuronek ezin sinistu. Neuronek ezin neio, baia egingo diot mandatu, arentzat jaio nintzala ta enagiala largatu; ez bisteak kontsolatu, ez egonak amoratu, ez maian asentatu, ez oean albergatu…».

(Honi guztiari buruz nolabaiteko interesik edota zerbaiten berri-minik izango bazendu, nik hemen zehatzago ezer egin ezinean, Interneten bisita eta ikus dezazun aholkatzen dizut: bat, “Tres mujeres debarras en la literatura medieval y renacentista vasca”, Alex Turrillas; bi, “Euskal poesia idazleen artean lehen andrea”, Patri Urkizu).

Omen eta ohore Debari, beraz, eta hiru emakume debar handioi. Biba Alos, Lastur eta Sasiola!!! Ea euskal jendebistagoan paratzen ditugun, behingoagatik betikoz!

Bizargorri, 2016-04-27

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


abril 2016
MTWTFSS
    123
45678910
11121314151617
18192021222324
252627282930