>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

AISE-NAHIA

Aise-nahia esaten diogu hemen, kolperik jo gabe gauzarik onenak errazki lortu nahi dituenari; alferrari, alegia; beste modu batera esanda, munduko zoriona zerutik jaitsia, berehalakoan ttak!, nahi duenari. Denok ere badugu aise-nahitik, asko-asko ez bada, pittin bat bederen. Aise-nahia da titiko ume nagia, aise-nahia da salako gazte putz-harroa, aise-nahia da eguzkitan erretako opilak janez musu-truk bizi den edozein… Geure hezur-mamiekin batera daramagu andre-gizonok, esanak esan, erraz alderako joera hori; barea baino gehiago mugitu gabe, Parisera iristeko antsia hori…

Horren haritik tira-tiraka, pasadizoa etorri zait gogora, eta xelebrea dakart hona gaurkoan ere. Ataungo senar-emazte adineko biri gertatua, omen. Hirurogeina urterekin, txiki-txikitatik sorgin ixtorioetan haziak izaki, beren zilarrezko eztei-egunean sorgin enkantari bat agertu zitzaien salara. Ez dakigu sorgin-haizeak hartuta halabeharrez, ala sorgin-salda edan zutelako aitona-amona biek, propio, kantatzen zutelarik mainontzi: «Ai, ai, ene! Ai, ai, ene! Bizkotxoan ezurrek itto bear naue!!».

Egon-egonean butakan etzanik zeudela, beraz, hara non derrepente sartzen zaien, auskalo nondik, sorgin enkantaria, eta jartzen zaien parez pare, maitagarri. Halaxe esan omen zien biei: «Senar-emazte zintzo eredugarri portatu izan zarete oraindainokoan hogeita bost urtez. Merezia duzue, hortaz, nire laguntzatxoa, hainbestetan eskatu izan duzuena. Iritsi da zuen txanda. Bakoitzak eska ezazue gogokoen duzuena, eta nik gogoa egia egingo dizuet».

Zain zegoela zirudien, eta, hitzok entzun orduko, agudo eman zuen eske-erantzuna andreak: «Nik mundu guztian zehar bidaia bat egin nahi dut, abioiez eta barkuz, globoan eta trenez, nire senar maitearekin. Arren eta arren, egin ezazu niregatik hainbeste». Sorgin enkantariak makila magikoa astindu zuen eta… tikili-takala-takala-tik!, abioi eta barku, globo eta tren, beharrezko guztien bidaia txartelak agertu ziren, ttak!, mahai gainera. Haren harridura eta poza esatekoak ez dira…

Gizonaren txanda hurrena. Istant batean pentsatzen jarri ostean, esan zuen: «Ondo da… Ez dago batere gaizki… Erromantikoa, zinez. Ez da abelera aldrebesa… Baina…, behin aise-aise eskatzen hasita, nik nahi izango nukeeena, nik nahi-nahi izango nukeena… –txutxuputxuka zizakatzen zuen–, barka, ene bihotzeko laztana, barka…, baina nik… neu baino hogeita hamar urte gutxiagoko neska-laguna nahi dut. Inondik ahal bazendu, bederen, sorgintxo ongile. Arren eta arren, egin ezazu niregatik hainbeste».

Mindu zen eta gaitzitu emaztea majo. Nahia nahia da, ordea; borondatea borondate. Eta, ez bat eta ez bi, sorgin enkantariak, agurearen agindua betez, makila magikoa astindu zuen, tikili-takala-takala-tik! Orduan, bat-batean, ttak!, hirurogei urteko gizona, artean gordina, laurogeita hamarreko agure xaharkitu bihurtu zen… Haren guztiaren akaberan, despedida gisa, hitzez ez baina bai ekintzez, sorgin deabruak hauxe eman zion aditzera gizasemeari: «Aise-nahia hi, hor konpon eta kaixo motel!». Izan ere, gauza jakina baita sorginak, enkantariak izan ala ez, beti-beti ez bada ere bai gehien-gehienean, andrazkoak izaten direla, andrazkoak kuanto.

Bizargorri, 2016-06-01

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2016
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930