>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ERRE-PIKA-PENA

ETBn hitzetik hortzera azkenaldian entzuten dugunez, bi indar mota omen daude: indartu egiten zaituena bata, eta alferrikakoa bestea, sufrimendua besterik ez duena… Bakoitzak berea kontatzen duenez, nik nirea kontatu behar dut leial: arestiko baieztapen horren adibideetako bat ETB bera da maiz, hala 1ean nola 2an, salbuespen polit askoak salbuespen polit. (Dihoala hori, badaezpada, aurretik; bene-benetan).

ETBko txoria txio-txioka ari zaigu egunero esanez: «Txunditzen adituak gara». Horixe du, nonbait, tema eta lema ederki jarria. Eta ni, behintzat, zeharo nau txunditzen. Gu etxean euskal telebista (horrela minuskulaz hobekiago ageri da) ikusi eta entzun zaleak gara, nahiz batean nahiz bian. Afizioa diogu. Baina, txunditu ez ezik, erretzen gaitu batzuetan, pikatzen frankotan eta penatzen ere inoiz askotan.

Ez naiz ni nor programazioaren egokitasun estrategikoez, fikzioen balore artistikoez eta produktu berrien duintasunez lezioak ematen hasteko. Ez; Jainkoak goarda! Nik, eguerdian edo arratsean salan jartzen naizelarik, euskal telebista zintzo entretenigarria ikusi nahiko nuke. “Telebista”, bai, bada beti; “euskal” eta “zintzo” aldetik, ordea, herren dabil behin eta berriz. Txunditzen adituak izaki, agidanez. Eta horrek nau erretzen, pikatzen, penatzen.

Erretzen nau, txiskeroak zigarroa bezala, euskal (omen) telebista bigarreneko programa askoren filosofia ezkutu-gordeak: hemen denak erdaldunak ditugu, erdera konprenitzen dute, beraz erraza dago gauza! Eta noranahi doazela ere berriketariak euskal herrietara (igual dio den hiri handi, herrixka, kale, baserri, artzain, apaiz edo mediku…), kastillanoz egiten dute betiere elkarrizketa, bertakoa euskaldun petoa baldin bada ere. Erretzen nau ere, besteak beste, Patxi “Gatzagas”-en eguerdiko programak, berez politak; izan ere, lehiaketa horretan aurrera ateratzeko aukera hobeak ditu, bertako euskaldun gehienok baino, Mexikon, Madrilen edo Andaluzian jaio eta giro hartan bizi izandako beste edozeinek; Hego Amerikak hurbilago dirudi Iparraldeak baino; ingelesez edota Pantojaz jakitea hobe, euskaraz edota Mariz baino… Denon pluralitatea bai, baina geure singularitatea hainbeste baztertu gabe.

Pikatzen nau, mailuak sega bezala, tiriki-tauki-tauki, behin eta berrizko beti betiko iragarkietako piuren kalaka era aspergarriak. Jon Plazaolak bezala, nik ere: «Ez dut pazientziarik alferrikako gauzekin». Chuleta-txuleta, Cuadrilla-Kuadrila (a ze konparazioak!), mousse-mus, Danacol-Benecol… Perurena eta Sobera, Kaiku gehiegikeria. Telebista katez aldatu ohi dugu, edo mututu, derrepente, horietako mailu temoso dagoeneko gogaikarriren bat pantailaratzen zaigun aldiro; sarri, sarriegi…

Pena da, pena denez!, errepikapena hainbestekoa. Pena da eguerdiko Teleberri osoa gauean (ia) berbera ikusi beharra. Zer berri? Zaharrak berri… Pena ere bada (batzuetan, behintzat), iazko eta orain bi-hiru-lau urteko emanaldiak (musika, bisita, nobedade) behin eta berriz, berriro eta behin berriz ikusi beharra… Errepikapena sufrimendua dugu, alferrikakoa. EITBko zuzendariak berak esana da audientzia “pauperrimoa” omen dela ETB1ean. Jakina: gobernu txarra etxean, zakurren potroak eltzean. Baina, baina… «Badakisu, hemendik aurrera, excelente ez, Excellence!».

Bizargorri, 2016-06-15

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


junio 2016
MTWTFSS
  12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930