>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ENPERADOREAREN TRAJE BERRIARENA

Goraipatuak izan ziren Valentzian Paco Camps-en trajeak, denbora asko ez dela; aipatuak dira egunotan Alfonso Rus-en arropa-dendako trikimailuak Xativan; goretsiak daude Felipe Gonzalez sozialista borrokaren Armani janzki garestiak Ameriketan; ederretsiak, Rajoy gezur-jalearen kirol-arropak Galizian; baita Jaume Matas-en zapateria eta Rita Barbera-ren pitxi-mitxiak ere; zer esanik ez errege-erreginen aldian aldiko agerkeria, hala jantzian nola erantsian. Janzki, zapata, traje, pitxi eta soineko, gezurtero muturzikin lotsagabe nabarmen franko egunero dugu mahai gaineko. (Barka errimarena). Eta begien bistako egiak ukatu egiten ditu epaitegiak. (Barka berriz ere). Ukatu, bai; baita Espainia erdiak ere. Espainiar jende askok apenas duen ezer okerrik ikusten…

Egoera xelebre hori ongien adierazten duena, batere dudarik gabe, ipuin klasiko bat da, zaharra, 1837koa, Hans Ch. Andersenena, hamaika aldiz kontatua. Eta nola zaharra errazki ahanzten ohi dugun, oroit dezagun, ez beste ezertarako, euskarara ekarri dizut neure gisara, llabur eta libreki.

Duela aspaldi, bazen enperadore buruiritzi apain-zale bat, beti txit dotore janztea atsegin zuena. Erreinuko altxorretik parrastaka gastatzen zuen janzki berriak erosi eta erosi. Bost axola hari bere soldaduak, bost axola hari ehizak eta antzerkiak eta txangoak… Bere apainduriak erakusteko bizi zen, soinekoz aldatuz txitean-pitean, ispiluetara arrimatuz behin eta berriro. Hala nola esaten baiten errege bategatik: «Kontseilu-bileran duzu», harengatik: «Enperadorea jantzi-gelan duzu» esan ohi zen aldiro.

Egun batean behin, enperadorearen apeta eta zalekeria erreinu osoan ezaguna izaki, bi lapur lotsagabekoek elexuritu nahi izan zuten, engainatu alegia, sastreak zirela-eta, tela finen saltzaile zebiltzala-eta. Horretarako, gortera ziren hurbildu eta soldadu atezain pareari esan zioten: «Enperadorea nahi genuke ikusi. Oihal txit fin galantak dakartzagu harentzat». Honela, palazioan sartzea lortu zuten bi sastre malmutz gezurrezkoak; baita geroxeago enperadore aurrean jartzea ere. Baiezka eta zinezka jarri ere, berak omen zirela munduan egundo izandako sastrerik onenak, alajainkoa, eta inon sekula ikusitako janzkirik polit miragarrienak omen zekartzatela, alafede.

Berehalakoan gogoberotu zen enperadorea eta, ahoa bete poz, erakusteko eta erakusteko, erakuts ziezazkiotela oihal halako ederrak berari. Erakutsi zizkioten… Baina, begiak zabal-zabal saiatuagatik, ezin ikusi zuen gizon haiek aurrean ipintzen omen ziotenik… Orduan, bi enbusteroetako batek: «Ene errege –esan zion-, tela hau ametsetakoa duzu. Hain ametsetakoa ere, ezen pertsonarik jakitunenak bakarrik bistaratzen baitute; ezin ikusi dute beren kargurako balio ez dutenek, ezta ergel txotxoloek ere». Eta: «Jainkoak goarda! –egin zuen enperadoreak bere kolkorako-. Ez dut-eta ezer ere ikusten neuk…!».

Enperadoreak, jakina, hain-hain buruiritzia izaki, ez zuen bere agindupekoen artean ergeltzat hartua izan zedin inola ere nahi; eta, hortaz, hala egin zien bi sastre faltsuei: «Hau da hau telaren ederra eta fina, ala demontre! Egidazue agudo traje berri bat horrexekin». Eta dirutan elemena eman zien bi pikaro tunanteei… (Honaino ipuin erdia; hurrengoan beste erdia, llabur-llabur).

 

Bizargorri, (2016-09-14)

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


septiembre 2016
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
2627282930