>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

BEREZKO LEGEZKO BILBOTARRA

Atzo hamabost, Santa Luzia egunean hain zuzen, lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tentea tokatu zitzaigun, eguerdiz, gure auzoko Eguzkilore tabernan, zerbeza bat hartzen. Halako batean, telefono deia izaki, atarira atera zen, sakelakoa belarrira erantsita, gogoz eta beharrez…

Laster asko, barrea zeriola sartu zen ostera, eta zerbitzariari tabernan geunden guztioi erronda berri bat ateratzeko esan zion, aita izan berri zela-eta; bere andrea berezko legezko bilbotarraz erditu omen zela, eta haurtxo jaioberriak hamaika kilo pisatu omen zituela:

—Hamaika kilo pisatu ei dauz gure seinek!

Arraio gorria! Tabernako bezeroontzat, guztiok ere euskal herritar arrunt, ez zen sinesteko gauza, ezta hurrik eman ere. Eza emanaz begiratu genion, esanez bezala: «Amonak sinistuko dik hiri hori, txokilio arraioa!». Non noiz ezagutu da, izan ere, hamaika kiloko haur jaioberririk!? Egundo halakorik! Gu atzo goizeko inozenteak ginelakoan… Hala eta ere, berak sorbaldak jaso eta esan zigun:

—Batekoz beste, gure botxoan horixe izaten da neurrie, giputxok. Hamaika kiloko haur jaioberrie, eta harritu egiten zarie? Tira, tira…!.

Pixkanaka, dena den, sinesbetean ez bazen ere, han geunden askok luzatu genion bostekoa, zorionak emanez. Bakarren bat gelditu zen aho bete hortz, harriduraren larriduraz; emakume batek, kasu, ia konortea galtzerainoko min enpatikoak ere nozitu zituen, agidanez, erdi-pentsatze hutsarekin…

Atzo bertan (hamabost egun doi beranduago, beraz), hara non ikusten dugun ostera lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tentea gure auzoko taberna berean. Zerbitzariak ere agudo asko ezagutu zuen eta, pikaro samarra izaki berez, galdetu zion:

—Kaixo, gizona! Zeu zara, noski, berezko legezko bilbotar haurtxo haren aita, ez da hala? Jaiotzerakoan hamaika kilokoa bazen, hemen gure artean galdezka ari gara jakin-gogoz, ea zenbat pisatzen ote duen dagoeneko, hilabete erdia kunplitu duenean…

—Hamar kilo –erantzun zigun soil-soil, lasai-lasai, tan-kanpante.

—Hara berriz! Nola hamar kilo…? –zerbitzariak zur, mur eta lur–. Baldin hamaika kilo bazituen jaiotzean, nolatan hamar kilo handiagotzean?

Izpirik estutu gabe, lepo-ondo ederreko bilbotar gizaseme puztu tenteak, putzaren putzez prakek ere hartu ezin zutela, tragoxka bat jo zuen patxadaz lehendabizi; hurrena, adar-joleen maneratan giputx denoi irri-mirrika begira, ezpainak lehortu zituen mantso-mantso; eta, azkenik, haizez beterik, zerbitzariarengana eskoratuta, lehoi arraren lepoko ile piloa baino harroago, hauxe esan zigun:

—Fimosi operaziñoa egin berri deutsogu; horrexegatik…

 

Gaur kontatzeko hobea da gure auzoko gertaera, Eguzkilore tabernakoa, abenduaren hogeita zortzia izaki, hain zuzen ere. «Inoxente, inoxente, lehoiak buztana tente!». Baldin baziren hemen “txantxangorri batenak lau libra tripaki”, “lehoi” kume batenak Bilbon lau kilo buztan-moko dira (zortzi libra zil-mustur!).

 

Bizargorri, 2016-12-28

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


diciembre 2016
MTWTFSS
   1234
567891011
12131415161718
19202122232425
262728293031