>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

GIPUTZAK ETA BILBOAK

Aurreko batean, egunero bezala, Anjel Lertxundik bazka gozoa zekarren BERRIAko bere letra-larre motzean. Gipuzkoarron elkar ulertu ezinaz mintzo zen eta, bidez, bizkaitarren efikaziaz: beste kasta bat omen dute haiek, zera…! Eta amaitzen zuen kontatuz, orain bi mende ez dakit zein baserritar bizkaitarrek auskalo zein musikariri esan omen ziola hala: «Giputzak, buru arinak; “kiputza” esaten zaiolako ale gutxi dakarren artaburuari». To!

Anjelenak alde batera (haren arrazoibideak diferenteak izaki), nor suak eta garrak hartuko ez du, nor haserre gorrian sartuko ez da, nor arraio hemen matxinatuko ez da, halako erdi-egia-erdiak entzunik? Egiaren laurdena besterik ez baita, hala haien efikazia, nola gure eskasia. Egiaren antz guztiak argitze aldera, hemen aterako naiz ni plazara gipuzkoarren defendatzaile eta, jakina,  biskaitxarren atakatzaile; behingoagatik, bat bederen! Izan ere, egunero dator Bizkaitik Gipuzkoara erdeinuzko txiste txar isekari mordoa. Onez onean isilik eraman behar al dugu, bada, iraina eta burla eta gutxiespena? Benga ja…!

Zer kiputz, zer ale gutxi eta zer artaburu, gero!? Kiputzak baldin badira ale gutxiko artaburuak, bilboak dira trabak, ezpatak, girgiluak edota presoen eskuak eta oinak estekatzeko burdinazko loturak, kateak… Girgiluena baldin bada efikazia, biba gure eskasia, arraio tximista! Bilboak kateak dira, hortaz; trabak, oin-bilurrak, menderatzaileak… Aha; hola, hola…! Orain ulertzen dugu giputzok Hamleten kexu hura: «Nire biotzean loa galarazten zidan alako burruka bazan, eta matxinatuak bilboetan baino mindurikago nengon».

Nondik datorkio, izan ere, hainbesteko harropuzkeria beti kamiseta zuri-gorriz jantzita dabilen hainbeste lehoi-kilo bilbo-kume tente-potenteri; nondik? Hona hemen hamaika arrazoi bilboa bilbatzeko eta giputza gipuzteko:

Bat. Bilboko ura esaten duten fama handiko zera hori, Burgosko Ordunte urtegitik datorkie; Arabako beste hiru putzutatik, gainerakoa. Bi. Bilboko kaleetako autobus betiko mitiko tipiko antzinakoek “azulito” zuten izena, txuri-urdinak zirelako. Hiru. Iribar gipuzkoarra dute “Ilustre de Bilbao” izendatua aspalditik. Lau. Irungo Mariño-tik eta Donostiako Antiguatik eta beste giputz-herri askotatik eraman ohi dituzte beren jokalaririk onenak, urdinetik gorrira janzteko beste lan askorik gabe (zuriak zuri): Iribar, Andoni Imaz, Iraola, Aduriz, Alkiza, Etxeberria, Elustondo, Gabilondo…, ia beti athletic erdia osatu arte… (Ale gutxi giputzak!?). Bost. Aste Nagusia, su artifizialak, inauteriak, Santomasak eta abarrak kopiatzen eta kopiatzen ari zaizkigu. (Artaburu kiputzarenak imitatzen, hortaz!?). Sei. San Mames berriko zelaia edo belarra zertzeko garaian, enpresa bizkaitarrak, bere buruarekin aski fede onik ez-eta, Gipuzkoako Diputaziora jo zuen laguntza eske, kalitatez hobeagoa sortuko zutelakoan hemen, Fraisoron; geurea dute belarra ere. (Sei euroko sosak baino ere faltsuago dabiltza bilboak). Zazpi. Ormaiztegiko Irizar autobusetako aleak darabiltzate mundurik mundu irteteko, fardatzeko, atzera-aurrera… (Zortzitik hamaikarako arrazoiak zeuk ipini, badaude-eta franko).

Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola… Beraz, bada, eta laburtze aldera abiaturik, kanta dezagun giputzok, harro bezain sano, Pampi-ren aspaldiko kantaren harira (Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe?): «Zer litzateke Bilbo-Athletic… Gipuzkoarik gabe!?». Labea bai, eta ogirik ez.

Bizargorri, 2017-01-18

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031