>

Blogs

Jesus Mari Mendizabal

Bai Horixe - Bizargorri

ORGANOAK ETA GRIPEA

Goizero-goizero, tabernako nire betiko txokoan kafe baten aitzakian egunkari pare bat irakurri ondoren, Euskadi Irratia entzun zale izaten naiz eguerdi artean gero, sukaldeko egitekoetan. Egunotan bi notizia apartu nahi nituzke, besteak beste: egunkarietako berrietatik ikusia bata, aurtengo negualdiko gripearen zitalarena (gogorra omen datorrena, zaharrengan eragin makurra omen duena, zaindu beharra omen dagoena…); eta irratiko berriketetatik ikasia bestea, Felipe Gorriti musikagilearena (Agur, Jesusen Ama kanta maitagarria berak asmatu omen zuenekoa, Uharte-Arakilen 1839an jaio eta Tolosan 1896an hil omen zenekoa, haren aita eta biak organista txit iaioak omen zirenekoa, Gipuzkoan organo on ugari omen denekoa: Donostia, Bergara, Usurbil, Tolosa, Ataun, Azpeitia, Ormaiztegi, Hondarribia, …).

Aurreko astean, periodikoak leitu ondoren irratia entzuten ari nintzela, gertaera txit bitxia etorri zitzaidan gogora, non edo han aditua, arestiko herri «organista» horietako batean gertatu omen zena, orain denbora asko ez dela. Nik ele-mele bi horien hariak (organoak eta gripea) albainduko ditut hemen serio-serio, zuk josi ditzazun hurrena irribarretan hor. Goazen, bada.

Piano eta organo andre irakasle bat bizi omen zen betidanik bertan. (Herriaren izenik ez dut, badaezpada, esango; badakizu, familia eta fama eta fandango). Laurogeita bost urte bete behar zituen bezperan, herriko erretore jaunaren telefono deia jaso zuen esanez, biharamunean atsegin handiz, baldinbaitere!, egingo liokeela bisita, ahal balitz, parrokia guztiaren esker onean. Baietz, dama xaharrak, pozik eta pozik hartuko zuela, nola ez ba…?

Hala, hurrengo goizean agertu da jaun erretorea atso organistarengana eta, hau-ta-hori-ta-hura…, eseri dira salan kafe biren jiran biak… Bati begira eta bestea begira, hor non ikusten duen apaizak organo koxkor bat, bere hormako hoditxo eta guzti; eta haren teklatu gaineko apalean, zer?, eta beirazko ontzi bat urez betea; eta, ai ene bada, uretan igeri zer!?, eta kondoia…!

«Sorgin tzar narrats halakoa! Zer dela eta…? Nondik arrano!? Behin ere ez dena, izaten ahal da, inoiz edo behin. Nabilen kontuz, badaezpada…». Horiek guztiak eta burubide gehiago ere egin zituen apaizak berekiko, aho guztia arra betean zuela, txunditua. Hala eta ere, disimuluan segitu zuen, bere ohiko eran, astiari eta aisiari jarririk, adineko emakume artista haren bizitzaz eta ibilerez kontu kontari… Kondoia ikusten, ordea; kondoia ikusten beirazko ontzitxoan nahi gabe ere; eta, halako batean, gehiago jada eraman ezinik:

—Barka, baina esango al didazu, mesedez, zer duzun ahorko hori…?

Urez betetako pitxartxoa eta “zera” seinalatuz, jakina.

Eta:

—Ah! Nola ez ba? –dama urtetsuak–. Zoragarria da! Ez dakizu ondo…

—Ea, mesedez… –jaun erretoreak, kopeta zimur, kezketan, fidakaitz.

—Iaz, eliza atzetik tipi-tapa paseoan nenbilela, sobretxo bat bistaratu nuen lurrean, ustekabean; harrigarria, niretzat bederen. Hartu eta leitu egin nuen azalekoa. Honela jartzen zuen: «Ipin ezazu organoaren gainean; manten ezazu hezetan; eta ikusiko duzu, ikusiko duzunez: gaitz guztietatik libratuko zaitu». Hortxe ipini nuen uretan… Harrezkero, gripe arrastorik ere ez dut izan!

 

Bizargorri, 2017-01-25

Temas

Solasean jolasean

Sobre el autor


enero 2017
MTWTFSS
      1
2345678
9101112131415
16171819202122
23242526272829
3031