Diario Vasco
img
ESKERRAK ZURI, MARIANO
img
Jesus Mari Mendizabal | 01-02-2017 | 10:36

Arratsalde on, Mariano. Gaur jaso dugu zure gutuna emazteak eta biok, adierazten diguna, erretiro saria, pentsioa, ehuneko 0,25 euro areagotu zaigula. Eta ez dut astirik galdu nahi zuri, On Mariano Rajoi jaun horri, eskerrak eskerren gain ematen hasteko. Izan ere, badakigu ziur, zain eta muin lan egin duzula, goiak eta beheak joz, guri bioi halako sos-gehigarri hain gora handikoa lortzeko. Gaurtik, egunero, badugu etxean 31 xentimo gehiago eskutik, aupa!

Eskerdun onaren legez, hortaz, euskal herritarrei euskaraz (zure betiko gaztelaniazko zipriztinez eta zure moduko zenbait handi jakintsuen latinez) gogorarazi nahi diet, esker-mesede asko eta handiak egiten dizkiguzula zuk, kostata eta bularka jarririk egin ere, gure alderako beti. Zeren, nola sua egurra boteaz handitzen baita, hala gure pentsioa ere zure ahalegin gogorren egiteaz handitzen da. Zurekin zor bizian gaude. Cortesías engendran cortesías.

Eskerrik asko, Pujol-i, Barcenas-i, errege borboi zaharrari eta gaizto haizeak hartutako PPko eta PSOEko ustel askori, lotsagabeki lapurtutako sosak osorik itzularazteagatik, beren interes-tasa eta guzti. (Esan dezakezu zeuk ere, David erregek bezala: «Circumdederunt me sicut apes», hau da, inguratu ninduten erleek bezala). Esker mila, sindikatuei ere, lotsa ipinirik, iruzurretan ebatsitako diruak itzularazteagatik. Milaka esker, alferreko administrazio eta konpainia publikoak gutxitzeagatik, gastutarako eta adiskide-zulotarako bestetarako ez zeuden eta. Neurria hartu diezu gaiztoei, neurria hartu diezunez tamainan.

Eskerrik asko, soldata puztu, txartel doako, auto bikain, bidaia gizeneko milaka eta milaka aholkulari, entxufatu eta jendaila gutxiagotzeagatik (Salomon erregeak zioen bezala: «Aquæ furtivæ dulciores sunt»; hau da, ur ebatsiak gozoagoak dira). Esker mila, klase politikoaren mauka, mantxunga, txoio eta eskualdia erauzteagatik, herri xeheari (boto txarteletan gehiengo handiari) hainbesteko ondoeza eragiten baitzion. Oir, callar y ver, hace buen hombre y buena mujer. Milaka esker, hiritar flakoak erreskatatzeagatik eta ez banku putz-harroak; a ze diru mordoak aurreratu dituzun guretzat: biba zu, On Mariano!

Eskerrik asko, hain popularra izaki zu, laguntza ekonomikoak erabakitzeagatik, nori?, eta beren baitan erreak eta abailduak eta alde guziz deskontsolatuak baitauden behartsuei, putak pasatzen ari direnei; eta ez denon kontura putetan dabiltzanei. (Zintzoki bete duzu lege zaharreko esana: «Vince in bono malum», ongiaz gaizkia garaitu duzu). Esker mila, handiak handiago eta txikiak akabo egiteagatik: cada cual con su cada cual… Milaka esker, azken batean, emaztearen eta bion erretiro sariak hainbesteraino handitzeagatik, bakoitzari berea zuzen eta justiziaz mugatzeagatik. Hartua, zor da.

Eskerrak eskerren gain zuri, On Mariano, pentsioak ehuneko 0,25 euro potolo igotzeagatik. Inor ez duzu zuk berdinik, alafede. Zeu bakarrik zara bigarrenik ez duzuna. Bejondeizula. Guk nahi genuenera jarri zara. Nunca falta quien dé un duro para un apuro. Zure mendean eta esanean ikusiko gaituzu beti, otzan-otzanik, ardi zaharrak bezala… Barka, baina, Mariano: eskua dar-dar, ezin idatzi dut gehiago, xahardadearen kausaz, nekearen nekez.

Post Data: Hurrena, datozen hauteskundeetan, ez duzu zuk zertan zure partiduaren boto txartelik guri etxera bidaltzen lanik hartu beharrik: pentsio honek aski eta sobera ere ematen digu… komuneko papera erosteko.

Bizargorri, 2017-02-01

  • beste luisita bat

    Pobrezia, miseria, behar larriez dauden pertsonez inguraturik gaude. Ez da oso urruti joan beharrik hortaz erreparatzeko. Gero eta behartsu gehiago munduan… Bitartean, hor daude aberasten ari direnak abagune honetaz baliaturik… Eskandalua!

    • Jesus Mari Mendizabal

      Ongi etorri berriro, luisita, gure letra larrera. Badakit arazotxoak izan dituzula hemengo atakan, sarreran… Irekia duzu dagoeneko atea berriz ere. Biziki estimatzen dizut parte hartzea.
      Esan, batere beldurrik gabe, nire idazlanen aldekoak eta kontrakoak, egin iruzkin edo komentarioak, gehitu edo erantsi nahi-guztia… Beti ere: solasean eta jolasean.

      • beste luisita bat

        Mila esker denagatik, Jesus Mari :)

Categorías

Otros Blogs de Autor